Orduko 100 kilometro pasatxoko haize boladak izan ditzakegu igandean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 2a, 12:07

Euriarekin batera asteburu haizetsua izango dugu. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, larunbat gauerditik astelehen goizaldeko 6:00ak arte abisu horian izango gara haizeagatik haizeguneetan. Haize bolada gogorrenak igande goizalde honetarako espero dira; kostaldetik gertuko lur eremuan, 3:00-12:00 artean alerta laranja izango da indarrean.

Larunbat gauerdi honetatik aurrera, igandeko "lehen orduetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendi inguruetan. Goizaldean haizeak ipar-mendebaldera bat-batean eta zakar egingo du, eta haize-boladek 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean. Arratsaldean mendebal-osagaiko haizea ahuldu egingo da eta 90-100 km/h-ko haize boladak izango dira. Gauean haizea hego-mendebaldetik finkatu eta indartuko da eta haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendi inguruetan".

Hori haizeguneetan. Haizeguneak ez diren lekuetan, igande goizaldeko 3:00-12:00 artean abisu horia izango da indarrean. "Ipar-mendebaldeko haize-boladak 80 km/h baino handiagoak izan daitezke. Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzetik hurbil dauden tokietan ipar-mendebaldeko haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezke. Araban ipar-mendebaldeko haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izango dira".

Gainerakoan, larunbat honetako iragarpen hau plazaratu du Euskalmet-ek: "Goibel eta euritsu. Mendebaldeko haizea ibiliko da; indartuz joango da, bolada gogorrekin azken orduetan. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira". Igandean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, egunaren lehenengo partean sarri eta ugari; arratsalde-gau partean atertzera egingo du. Mendebaldeko haize gogorra ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".


EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 2, larunbata
"Gaur euria egingo du eta tenperatura maximoek behera egingo dute. Zerua nahikoa estalita ikusiko dugu egun osoan eta edozein momentutan euria egin dezake; prezipitazio gehien kantauri isurialdean espero dugu. Mendebaldeko haizea bizi ibiliko da tarteka eta egunaren amaieran indartu egingo da. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta 17-19 ºC-ren bueltan geratuko dira".

Azaroak 3, igandea
"Igandean "Amelie" izeneko depresioaren eraginpean izango gara. Goizaldean haize oso zakarra espero dugu; hasieran hego-mendebaldetik joko du, baina goizaldearen erdialdean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta indartsu ibiliko da eguerdira bitartean. Haizearekin batera, depresioak euria ere ekarriko digu, bereziki egunaren lehen partean. Arratsaldean giroa lasaiagoa izango da; haizeak ahultzera egingo du eta atertuz joango da. Tenperatura maximoak 14-17 ºC artean geratuko dira".

Azaroak 4, astelehena
"Astelehenean ere euria egingo du. Tenperaturak, hori bai, gora egingo du eta goiz amaierara arte ateri eutsiko dio. Dena den, haizea oraindik ere bizi samar ibiliko da, hodeiak ugariak izango dira eta, hortaz, giro ezatsegin samarra izango da. Goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta goizean bertan mendebaldetik finkatuko da. Maximoak 17-20 ºC inguruan ibiliko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus