Amiantodun hondakinak biltzeko zerbitzua eskainiko du hilero gaurtik San Marko Mankomunitateak

Hileroko zerbitzu berri bat eskainiko du San Marko Mankomunitateak Donostiako Garbera merkatalgunearen alboan kokatua dagoen Garbigunean, azaroaren 4tik aurrera herritarrentzat; fibrozementuzko hondakinak eta objektuak biltzeko zerbitzua.

"Mota horretako materialen kopuru txikiak dituzten herritarrei bilketa zerbitzua eskaintzea da helburua", Usurbilgo Udalaren esanetan. Materialak aipatu Garbigunean uzteko baldintza batzuk bete beharko dira: 
-Hauskorra ez izatea.
-Egoera onean egotea.
-Desmuntatzeko beharrik ez izatea.
-Ibilgailu berezirik gabe garraiatzeko modukoa eta manipulagarria izatea.
-Gehieneko neurri eta kopuruak: 2 fibrozementuzko plaka (4 m2 eta 50 kg-tik beherakoak), 3 ml-ra arteko hodi zati bat, 5 jardinera, 30 kg-ra arteko elementu apaingarri edo bereziak.
-Kopuru hauek gainditzen dituen hondakinen kasuan, baimen berezia eskatu beharko da. "Bertaratzean, inprimaki bat bete beharko da, eta NANa aurkeztu: ibilgailuarekin joango dira Garbigunearen barruan horretarako mugatutako eremuraino, eta han zerbitzu hori eskaintzeko espresuki kontratatutako langile berezituek lagunduko diete".
-Partikularrei zuzenduriko zerbitzua; "udal bilketako enpresen, industriak eta saltokiek ezingo dituzte halako hondakinak hara eraman".

Garberako Garbigunea ordutegi honetan zabaltzen dute: 10:00-13:00 /15:30-18:30.

Hurrengo erreus bilketa
Gogoan izan bestalde, erreusa bi igandean behin biltzen da Usurbilen. Azaroaren 3an eskaini zuen Udalak azkenekoz, birziklaezina den hondakin zatiaren bilketa zerbitzua. Hurrengo bilketa eguna, azaroaren 17rako finkatua du.