Euskal Herriko 1. Trikitixa bazkaria azaroaren 16an

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 4a, 09:04

Usurbilgo trikiti zaletu talde batek antolatu du hitzordua. Helburua; trikiti zaletuak bildu eta aipatu zaletasunaz gozatzea. Azaroaren 16ko hitzordurako izen ematea zabalik dago.

Eskualde mailakoak egin omen dira, baina Euskal Herrikorik ez. Usurbilgo trikitilari talde batek trikiti zaletuen topaketa antolatu du azaroaren 16an. "Lehentasun osoa emango diogu trikitiari. Lehenbizi triki-kalejira eta gero bazkalostean giro ona bada, iluntzera arte edo goizaldera arte iraun dezake jai giroak", iragarri digute antolatzaileek. Helburua, txoko ezberdinetako trikitilariak bildu eta elkar ezagutzea litzateke, trikitiaz gozatzearekin batera. "Trikitia eskenatoki gainean edo kalejiran beti besteentzat jo ohi dugu. Plan hau guretzat da, trikitilariok bildu eta giro politaz, trikitiaz gozatzeko, tentsiorik edo urduritasunik gabe".

Lehenbizi trikipoteoa egitekoak dira herrian barrena. Bazkaritarako bilduko dira gero Andatzpe elkartean. Izen ematea azaroaren 10era arte zabalik dute trikiti zaletuek.

Bertso-bazkaria girotzeko kalejira
Trikiti zaletuek aurrez beste hitzordu bat izango dute, NOAUA!ren Kulturaldian hain zuzen. Larunbat honetan (azaroak 9), bertso-bazkaria antolatu dugu Aitzaga Elkartean Bota Punttuba bertso eskolakoekin elkarlanean. Aurretik, Ane Azkonobieta eta Mikel Alkorta trikitilariekin kalejira 12:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Euskal Herriko 1 .Trikitixa Topaketa
Eguna: azaroak 16, larunbata.
Egitaraua:
12:00 Trikipoteoa Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Bazkaria Andatzpe elkartean. 
Izen ematea: aurrez trikitixabazkaria@gmail.com helbidera idatzita, azaroaren 10a baino lehen. 16 urtetik gorakoentzat.
Prezioa: 25 euro.