Txokoalderen etorkizuna eraikitzen segitzeko bigarren parte hartze saioa 19:30etan Akerran

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 09:44

Urriaren 23an abiaturiko lanketari segida emango diote asteazken honetan, azaroaren 6an 19:30etan Akerra Gaztetxean. Txokoaldetarren bizitza hobetzeko espazio gisa proposatua du Udalak eraikin hau. Gune honen espazioaren antolamenduaz jardungo dute gaurko parte hartze saioan.

Auzoko bizitza hobetzeko lanketan hasia da Txokoalde. Urriaren 23an etorkizunean bizilagunen bilgune izango den Akerra Gaztetxearen egoitzan hasi ziren eraikitzen Txokoalderen etorkizuna, Usurbilgo Udalak deitu eta Hiritik At Kooperatibak dinamizatuko duen parte hartze prozesuarekin.

Belaunaldi arteko topalekuan bilakatu zen Txokoaldeko Akerra Gaztetxea. Auzoaren etorkizunaz hausnarrean aritu ziren auzotar gazte eta helduak, Usurbilgo Udalak deitu eta Hiritik At kooperatibako kideek dinamizatu zuten parte hartze saioan. Prozesu baten abiapuntua izan zen. Auzoko bizitza hobetu nahi da eta horretarako Txokoaldek dituen beharrak azaleratu nahi dira, eta horiei erantzun, beti ere auzotarrak ardatz hartuta. 

Udalak eta Hiritik At kooperatibak hiru saio proposatu dizkie txokoaldetarrei. Lehenengoa urriaren 23koa; auzoaren beharrak diagnostikatu eta behar horiei udalaren jabetzakoa den Akerra eraikinetik nola asetu identifikatzea helburu zuena. Hain zuzen, espazio hau proposatu baitu Udalak auzotarren bizitza hobetzeko Txokoaldeko erdigune eta bilgune gisa. Auzoan diren zerbitzuez hausnartu zuten, sumatzen dituzten beharrak eta behar horietatik zeintzuk ase daitezkeen lantzen aritu ziren.

2020ko udal aurrekontuan txertatua
Duela bi astekoaz gain, beste bi saio egitea aurreikusten dira hurrengo asteotan. Lehen saioak identifikatutako beharrak kontuan izanda, Akerra Gaztetxeko eraikinaren espazioaren antolaketaz hitza hartu eta erabakiko dute txokoaldetarrek, azaroaren 6an 19:30etan hain zuzen. Hirugarren eta azken saioan, funtzionamenduaz, kudeaketaz ariko dira.

Hiru saioko parte hartze prozesua igarota, hitzorduotan jasotako txokoaldetarren ekarpenak proiektu batean bilduko ditu Usurbilgo Udalak. Proiektu hau landu ostean, berriro txokoaldetarrei itzuliko zaie, hobekuntza proposamenak egin ditzaten. "Proiektu xume baina duina egin daiteke", adierazi zien alkate Agurtzane Solaberrietak txokoaldetarrei, atzoko saioan. Aurreikusi zuenez, jada 200.000 euroko diru partida bat gorde du udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontuetan, Txokoaldeko proiektu hau gauzatzeko. 

Txirikordaren dinamizatzaileak
Prozesua Hiritik At kooperatibako kideek dinamizatuko dute. Lehendik ere Usurbilen antzeko prozesu gehiagotan lan egindakoak dira. Etorkizunean, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren, Txirikorda izeneko proiektua diseinatzeko gazteak nahiz adinekoak bildu zituen prozesua dinamizatu zuten urte hasieran.