Sorterri guztien Usurbilen erakusleihoa, ate joka dugun Mundualdia

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 4a, 09:47

Sorterri guztien topagune bilakatzen den Mundualdiaren edizio berria ate joka dugu Usurbilen. Azaroaren 9an dantzak, gastronomiak eta musikak bat egingo dute pilotalekuan, oraingoan larunbat arratsaldez ospatuko den jaialdian. Aurretik, ostegunez Jon Maiaren hitzaldia Sutegin.

Dagoeneko sorterri anitzetako herritar talde bat Usurbilgo Udalarekin eskuz esku antolatzen hasia da eguna. Segidan duzuen egitaraua josi dute. Osagaien artean, nork bere herria erakustoki bilakatzen duten jakiak dastagai jarriko ditu bi aste barru pilotalekuan. Herriko taldeen parte hartzea ere izango da; Orbeldi Dantza Taldearena, eta eskola kiroleko egitasmo eraberrituko, Zirimarakoen kideena. Hezurbeltzak taldeak musikatuko du eguna.

Lehen migrazio olatua aztergai
Mundualdiak usurbildarron hartuemanak estutzen lagundu, elkar ezagutzan eta elkarbizitzan sakontzeko zubi lanak egin ohi ditu. “Herriko komunitate aniztasunean erdigunean jartzea da festa horren helburua”, Udalaren esanetan. Aurreko edizioen ildotik, “munduko hainbat txokotatik etorritako herritarrek hartuko dute frontoia, eta, horiez gain, Espainiatik etorri zirenei ere lekua egingo zaie”, iragarri dute. 1960 eta 70. hamarkadetan Espainiako herrialde ezberdinetatik Usurbila etorritakoengan jarri nahi da arreta.

Ez bakarrik Mundualdia ospatuko den egunean. Gogoan izango duzue iaz, hitzordu honen bueltan Usurbilgo herritarren jatorri aniztasunaren inguruko ikerlana bideratu zuen Udalak Aztikerren bidez. Azterlan berria iragarri du orain. Espainiako herrialdeetatik gure artera “azken hamarkadetan izan den lehenengo olatu garrantzitsuena” aztertu nahi da. Hain zuzen, “hainbat arrazoi tarteko, elkarri bizkarra emanda bizi izan diren bi komunitate izan dira haiek eta usurbildarrak. Ez da Usurbilgo kasua soilik izan, fenomeno orokorra izan da Euskal Herrian, baina horri ekarpena egin nahi dio Usurbilgo Udalak”. Bi komunitateak aztertuko ditu, herrian jaiotakoak nahiz herritik kanpo jaio baina hemen bizi direnak, lekukotzak bildu, “etorkizunean herrira etorriko direnei harrera hobea egiteko eta herrian integratzeko gako direla” ulertzen baitu Udalak.

Aniztasuna, elkarbizitzaren eta eskubideen pertzepzioa, identitateak, euskal kultura, euskara, jatorriz Usurbilekoak ez diren kulturak, migrazioen nolakotasuna, integrazio bideak eta harrera aztergai izango ditu ikerlanak. “Zein da komunitate desberdinek sumatzen duten aitortza egoera herrian? Nola ikusten dute elkar komunitate desberdinek? Zein indargune eta hutsune sumatzen dituzte elkarbizitzari dagokionez? Zer eskaintzeko prest daude, eta zer jaso nahi lukete besteengandik?” galderen erantzunak jorratu nahi ditu ikerlan berriak.

Elkar ezagutza eta elkar aitortza sustatzea
Horretarako, iragarri dutenez, “atzera begiratzeko ariketa egingo du ikerlan horrek, etorkizunari modu egokiagoan heltzeko. Garai hartako migrazioari begiratuta, guztien arteko elkarbizitza sustatzeko baldintzak finkatu nahi dira”. Eta horretarako, elkarbizitza osasuntsu eta kontzientea ahalbidetzeko ezinbestekotzat jotzen dute elkar ezagutza eta elkar aitortzan sakontzea.

60. hamarkadatik aurrera Espainiako txoko ezberdinetatik gure artera etorritakoa ez da migrazio olatu bakarra izan. Bada Udalak nabarmentzen duen bigarren bat ere, 2000. urteaz geroztik jazotakoa. “Ameriketako, Afrikako eta Europako hainbat herrialdeetatik etorritako norbanakoak izan ziren hasieran, eta, gerora, familiak”, zehaztu dute Udaletik. Eta azken 50 urteotan talde mota desberdinetan heldutakoak baita, “portugaldarrak eta errumaniarrak, batez ere”.

Migrazio mugimendu guztiok bateratzen dituen elementu bat bada; guztiak ere asmo berberak batzen ditu: bertan lan egin eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin etorri ziren”. Aztergai izango ditu kolektibook Udalaren ikerlan berriak.

Mundualdia
Azaroak 7, osteguna
19:00 
Jon Maiaren hitzaldia Sutegin: “Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat”.

Azaroak 9, larunbata
Frontoian:
18:00 Alkatearen agurra.
18:10 Zirimara taldearen eta Orbeldi Dantza Taldearen munduko dantzen emanaldia.
19:00 Jakien dastaketa.
20:30 Hezurbeltzak taldearen kontzertua.
Antolatzailea: herritar talde bat eta Usurbilgo Udala.