Abisu horian astearte goizetik 24 orduz, prezipitazio iraunkorragatik

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 4a, 08:40

Astearte goizeko 9:00etatik asteazken goizeko 9:00ak arte, abisu horian izango gara prezipitazio iraunkorragatik. "Gipuzkoako zenbait lekutan, bereziki ekialdean, baliteke 60 l/m² baino gehiago pilatzea 24 orduan", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

"Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta zenbait lekutan iraunkorra izango da, bereziki kantauri isurialde ekialdean. Baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea", hortxe egunotarako Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpena. 

24 orduko tartean, metro karratuko 60 litro baino gehiago pila daitezkeelakoan, abisu horian izango gara astearte goizeko 9:00etatik asteazken goizeko 9:00ak arte. 

Astelehen honetan (azaroak 4) Usurbilen, "goizean eta arratsaldean goibel eta euritsu egongo da, gauean hobetzera egingo du. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da". Bihar (azaroak 5), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina eta oso ugaria egingo du. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin; goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldekoa nagusituko da eta gainerako orduetan ipar-mendebaldekoa. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 4, astelehena
"Eguraldi kaskarra; haizea zakar eta euria. Goizean goiz haizea hego-mendebaldetik zakar ibiliko da eta tarteka ostarte batzuk irekiko dira. Goizean egoera aldatuz joango da; haizeak mendebaldera egingo du, kostaldean ufada gogorrekin, eta Bizkaia mendebaldetik hasita euritara joko du. Tarteka zaparrada mardulak botako ditu, batez ere kantauri isurialdean eta bereziki arratsaldean. Arratsaldean gainera, ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, batez ere kostaldean eta temati ibiliko da. Tenperatura maximoak goizean neurtuko dira eta 15-20 ºC artekoak izango dira; arratsaldean nabarmen freskatuko du".

Azaroak 5, asteartea
"Ipar-mendebaldeko haizea temati eta euria barra-barra ipar isurialdean. Zaparrada mardulenak kantauri isurialdean botako ditu, batez ere ekialdean, eta ez da baztertzen zenbait lekutan ia etengabe egitea euria. Baliteke han-hemenka ekaitzak jotzea eta txingorra egitea. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, kostaltean eta mendi inguruetan oso zakar, eta Ebro ibarrean ziertzoa ere bizi-bizi ibiliko da. Tenperatura beroenak 13-16 ºC artekoak izango dira".

Azaroak 6, asteazkena
"Ildo beretik jarraituko du aroak; haizea zakar ibiliko da eta zaparrada giroa nagusituko da. Haizeak mendebal edo ipar-mendebaldetik joko du eta boladaka gogor joko du. Haize honek hodeigune ilunak eta euria ekarriko ditu. Tarteka zaparradak botako ditu, bereziki goizean eta batez ere ipar isurialdean. Litekeena da arratsaldean atertzera egitea. Tenperaturan ez da gora-behera handirik egongo da eta maximoak 13-16 ºC artekoak izango dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus