Partaidetza eredu berritzaileak dituzten enpresek euren esperientzia azalduko dute Hernanin

Beterri Saretuz, enpresa parte hartzaileen ekosistema sortzeko proiektuaren aurkezpena ostegun honetan

Beterri eskualdean joan den ikasturtetik lanean ari dira hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan sare eta nodo eraginkor bat sortzeko helburuarekin. Prozesu horren lehen proiektuari aurkeztuko dute: partaidetza oinarri duten enpresen ekosistema sortzea. Beterri Saretuz izena eman diote proiektuari. Lehen jardunaldia azaroaren 7an izango da, Orona-Ideoren eraikinean goizeko 9:30etatik 13:30etara. Esperientzien ezagutza, bidelaguntza eta lan-mahaien bidez enpresek barne egituretan partaidetza bultzatzeko tresna izango dira jardunaldiak. Gonbita luzatuta daukate eskualdeko enpresek, lanbide heziketako eragileek, ekintzaileek, co-working zentroetako kideek eta garapen agentziek.

Jardunaldiaren hasieran proiektua zertan den aurkeztu ondoren, Aitor Bengoetxea GEZKI-ko zuzendariak (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) oinarrizko nozioak emango ditu eta azalduko du nola eragiten duten enpresen parte-hartzean mozkinak, kapitala, kudeaketa eta informazio fluxuak antolatzeko moduek.

Bost enpresen artean eskainiko dute solasaldiaren zatia. Barne antolaketa eta funtzionamendua azalduko dituzte Talleres Mitxelenak, Argiak, Fagor Ederlanek, Katea Legaiak eta TaPuntuk. Alor ezberdinetan partaidetzarako sistemak ezarri dituzte guztiek eta sektore, tamaina nahiz izaera askotakoak izanik, ikuspuntu anitza eskainiko dute.

Partehartzearen garrantzia

Langileek enpresa barruko kapitalean eta erabaki estrategikoetan parte-hartzea ekonomia sozial eta eraldatzailearen funtsetako bat da. Era berean, erakunde publikoek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote partaidetzari, enpresen eta pertsonen garapenerako lehentasunezko ezaugarria baita haientzat ere.

Ildo horretan, Gipuzkoako Aldundiak partaidetza integrala bultzatzeko diru-laguntzak ematen ditu, “langileei enpresa proiektuan parte hartzeko bideak irekitzeko”. Ideia horiek dira, hain zuzen, Beterri Saretuz programaren abiapuntua.