Elkar eta Gureak Zapategin kokatzetik hurbilago

Bi lantegiak aipatu lur eremuan kokatzeko urrats berri bat eman zuen udalbatzak urriaren 31ko osoko bilkuran.

Egitasmoa bideratzeko Zapategiko arau subsidiarioen eremuko hirigintza ezaugarrien aldaketa puntuala bideratzeko hitzarmena sinatu zuten iazko urrian Michelinek, Gureak, Elkarrek eta Usurbilgo Udalak. Hasieraz onartu zen, gero erreklamazioak aurkezteko epea zabaldu eta alegazio bat aurkeztu zuen Gureak-ek. Alegazio hau aintzakotzat hartu eta “aldaketa behin behingoz onartzea” udalbatzak aho batez urriaren 31ko osoko bilkuran. Udal talde guztien babesarekin hartutako erabakia Eusko Jaurlaritzara bideratuko du Udalak eta handik Foru Aldundira behin betiko onespena emateko.

950 lanposturen birkokapena
Aipatu hitzarmena 2018ko urriaren 17an sinatu zuten Artzabalen Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakariak, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendariak, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak eta Xabier Arregi Usurbilgo orduko alkateak.

Hirigintza-hitzarmen honi esker, Gureak eta Elkar Usurbila datoz, Usurbilgo lurretara, Michelinek hutsik duen lurzorura. 950 lanpostu birkokatuko dira eremu honetan. Atzerapenik ez bada, 2022 aldera errealitate bilaka daiteke proiektu handi hau. 

Gogoan izan duela urtebete sinatu zen hirigintza-hitzarmen honi esker, Michelinek Zapategi eremuan libre utzitako 43.881,09 metro karratuko gunea erosiko dute eta bertan kokatuko dira. Aipatu Zapategi eremua bitan banatuko da etorkizunean. Zati bat Michelinek okupatuko du, bestea Gureak eta Elkarrek.  

Onurez josia
Udal gobernu taldetik nabarmentzen dutenez, “euskara, kultura, gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua da” honakoa. Lorpen handitzat eta onuragarritzat jotzen dute, bi lantegiok Usurbila ekartzea. Guztira, 950 lanpostu kokatuko dira Usurbilen eta “ahul dauden sektoreak indartzeko balioko du”. Hainbat langile birkokatuko dira bertan, lanpostu berriak ere sortuko dira. Elkarrek bere jarduera eta biltegia barnebilduko dituen pabilioi bat eraikiko du. Gureak-ek lau eraikiko ditu; “elektronikakoa, marketing-erako, muntai-lanetarako eta hezkuntza eta zerbitzuetarako”.  

Hiriarekiko konexioa bermatzea, lurraren optimizazioa eta erabilera nahasketa, biodibertsitatea eta geografia-balioak mantentzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, egonkortasun soziala bermatzea, hortxe eremu honetan Udalak sustatu nahi izan dituen ezaugarriak, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak” alboratuta.