"Joana Maiz" Joseba Larratxeren sortze lan berriaren aurkezpena 18:00etan Kabienen

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 09:20
Joseba Larratxe eta Yurre Ugarte, "Joana Maiz" lan berria esku artean dutela. Irudiaren egilea: Joseba Larratxe.

Komiki lan berria Kabienen aurkeztuko du Joseba Larratxek asteazken honetan (azaroak 6) 18:00etan.

"Heldu zaigu Joana Maiz!". Lan berria eskuartean duela berri eman zuen duela aste gutxi Joseba Larratxek sare sozialen bidez. Sortzaile herritarrak Yurre Ugarterekin elkarlanean plazaraturiko lan berria asteazken honetan aurkeztuko du (azaroak 6) 18:00etan Kabienen.

"2 urteko lanaren ondoren, azkenean ere esku artean dugu Yurre Ugarte eta bion komikia: Joana Maiz!", iragarri du Larratxek. 

"Joana Maiz" proiektua diseinatzen hasi aurretik, bi sortzaileok lehendik elkarlanean aritutakoak dira; 2013an, "Katu hegoduna" lana argitaratu zuten. Eta biek kolaboratu dute baita Xabiroi aldizkarian.

Joseba Larratxeren sortze lan berria
Izenburua: "Joana Maiz".
Egileak:
Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe.
Argitaratzailea: Harriet Ediciones.
Orrialde kopurua: 122.
Zehaztasunak: "Erresistentzia da JOANA MAIZen gakoetako bat. Joseba Larratxe eta Yurre Ugarteren lehenengo nobela grafikoaren protagonistak uko egingo dio euskal historia kanonikoaz diharduen gidoia filmatzeari, eta castingean baztertutako atsoa berreskuratuko du: etxetik kaleratua izatekotan den andre zaharra. Hala, bizi-une ezberdinetan dauden bi antigona elkartuta, erresistentzia da, bientzat, jarrera askatzaile bakarra".