ETB-ren "Herri Txiki Infernu Handi" Usurbilen egunotan, azaroaren 14ko Kiroldegiko grabaziorako gonbidapenak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 08:00

Usurbil telebistako grabazio gunea izango dugu egunotan. Gure artera dator, ETB-ren "Herri Txiki Infernu Handi" saioko lan taldea. Herritarren lekukotzak eta herriko irudiak bildu ostean, azaroaren 14an Oiardo Kiroldegian eskainiko dituzte. Aurkezleen bakarrizketa saioak eta Sebastian Lizasoren bertso saioa baita. Kiroldegiko grabaziorako gonbidapenak gaurtik eskura ditzakezue Oiardon bertan.

Aginagan izan ziren iaz urte garai honetan. Ordutik, Euskal Herrian barrena egin duten bidaiaren ostean Usurbila datoz orain Euskal Telebistaren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldeko kideak. Egunotan kalean aurkituko dituzue Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, Usurbilgo irudi eta ahotsak biltzen. 

Adi, egunotan egindako lana azaroaren 14an 20:00etan Oiardo Kiroldegian egingo duten azken grabaketa saioan eskainiko dituzte. Beste herrietan egin izan duten moduan, Gurrutxaga eta Pagadiren bakarrizketak eta Sebastian Lizasoren bertsoak tartekatuko dira emanaldian zehar. Hitzordu honetarako publikoa behar izaten dute. Bertaratu nahi duzuenok, gonbidapenak gaurtik (azaroak 6) eskuratu ahalko dituzue Kiroldegian bertan, 16 urtetik gora dituzuenok.

Egunotan nahiz Oiardon azaroaren 14an eginiko grabazioa gerora Euskal Telebistak plazaratuko du, igande gaueko 22:00etan eskaini ohi duen "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.