Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizi dantza" ikuskizun berria abenduaren 1ean Kiroldegian

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 10:07

Abenduaren 3ko Euskararen Eguneko ekitaldien testuinguruan itzuliko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots "Bizi dantza" ikuskizun berriarekin Oiardo Kiroldegira. Sarrerak salgai dituzue jada.

NOAUA! K.E.-ren eta Euskaraldiko taldearen eskutik antolatu da aurtengo emanaldia. Hemen aurrerapentxo bat. “Lurra sortu zen unetik bertatik, jirabiraka dantzari hasi zen bere buruaren eta eguzkiaren inguruan. Animaliak ere sortu ziren unetik bertatik, dantzari dabiltza lurraren inguruan. Geu ere hitzaren jabe izan aurretik dantzatzen gara, zaldiak, izurdeak eta tximeletak bezala. Pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen gara. Barruak agintzen digunean dantzatzen gara. Gure kultura ospatu eta errituak berritzeko. Garen hori mugimenduan jartzeko. Zangoak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere dantzatzen gara gu. Zatoz gurekin dantzara, atera zure barruko animalia plazara!“.

Euskararen Egunaren bueltan
Abenduaren 1eko emanaldirako sarrerak salgai dituzue jada. Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan antolatu dute ikuskizuna NOAUA! K.E.-k eta Euskaraldiko taldeak. Hitzordu gehiago ere izango dira azaroaren 29tik hilaren 3ra: ikuskizunak, bizipenak partekatzeko hitzordua, antzezlana, kantu saioak...

"BIZI DANTZA" IKUSKIZUN BERRIA
Eguna: abenduak 1, igandea.
Ordua: 11:30.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Sarrerak: aurrez 7 eurotan Bordatxon, Lizardin eta NOAUA!n. 8 eurotan egunean bertan.
Informazio gehiago: katxiporreta.eus
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Euskaraldiko taldea.