Euria eta haizeagatik abisu horian gaur iluntzetik larunbatera

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 08:04

Bi abisu hori iragarri ditu Euskalmet meteorologia agentziak egunotarako; haizeagatik ostegun gaueko 21:00etatik ostiral arratsaldeko 15:00ak arte. Prezipitazio iraunkorragatik, ostiral goizaldeko 6:00etatik larunbat goizaldeko 6:00ak arte.

Ostegun gaueko 21:00etatik ostiral arratsaldeko 15:00ak arte abisu horian izango gara haizeagatik. Haizeguneetan "mendebal-osagaiko haize boladek, ipar-mendebaldekoa nagusituz, baliteke 100 km/h-ko abiadura gainditzea kostaldeko haizeguneetan, bereziki mendebaldean. Mendi inguruetan 80-100 km/h inguruko haize-boladak neurtu litezke. Kostaldetik gertu gelditzen diren haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Haizearekin batera, prezipitazio iraunkorragatik ere abisu horiaren eraginpean izango gara ostiral goizaldeko 6:00etatik larunbat goizaldeko 6:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan baliteke 60 l/m² baino gehiago pilatzea 24 orduan. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra izango da, eta zenbait lekutan zaparradak handiak izan litezke. Baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea", iragarri du Euskalmet-ek.

Ostegun honetan Usurbilen "zerua hodeitsu egongo da, egunaren lehenengo zatian tarteka oso hodeitsu. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Noizbehinka ekaitzak jo dezake. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin haizeguneetan, eta egunaren lehenengo partean ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da". 

Ostiralean, azaroak 8, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea, bereziki goizean. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogor eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 7, osteguna
"Noizbehinka zaparradak, batez ere ipar partean, eta mendebaldeko haize zakarra. Goizean frontea aldentzearekin, zaparradak gero eta tartekatuagoak izango dira eta batez ere ipar partean botako ditu, bereziki kostaldean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, boladaka oso gogor joko du kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura maximoak 10-13 ºC artekoak izango dira. Elur-maila 1200-1300 m inguruan kokatuko da, gauean beherago ere jaitsi liteke baina gaur ez da prezipitazio askorik espero".

Azaroak 8, ostirala
"Negu giroa; zaparrada mardulak eta haizea oso zakar. Zaparradak nonahi eta noiznahi botako ditu, eta une batzuetan barra-barra botako du eta zaparradak handiak izan litezke; ekaitza jo eta txingorra ere bota dezake zenbait lekutan, batez ere kantauri isurialdean. Elur-maila 900-1000 m-ren bueltan kokatuko da goizaldean eta ondoren 1000-1200 m ingurura igoko da. Haizeak are gehiago gordinduko du egoera; ipar-mendebaldetik zakar joko du eta haizeguneetan boladaka oso gogor joko du, batez ere kostaldean. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira".

Azaroak 9, larunbata
"Giro bustia, batez ere goizean. Euriak jarraipena izango badu ere, zaparradak ostiralekoak baina ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira, eta batez ere ipar partean bustiko du. Litekeena da barnealdean arratsaldean atertuz joatea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizeak joko du eta eguerdian eta arratsaldean hego-mendebaldetik joko du. Gauean berriro, ipar-mendebaldera aldatuko da eta indartu egingo da. Elur-kota 1200-1300 m-ren bueltan kokatuko da eta tenperatura maximoak koska bat gorago geldituko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus