ETB-ren "Herri Txiki Infernu Handi" Kiroldegian ikusteko gonbidapenak agortuak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 08:28

Atzo goizean eskuragarri jarri eta goiz berean agortu ziren. Akabo; azaroaren 14an ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" lan taldeak Oiardo Kiroldegian egingo duen grabaziorako gonbidapenak agortu dira jada.

Arrakasta itzela izan du deialdiak. Ikusmin nabarmena eragiten ari da egunotan gure artean den ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldea egiten ari den grabazio lana. Azaroaren 14an Oiardo Kiroldegian egingo duten azken grabazioa bertatik bertara bizitzeko ia 300 gonbidapen jarri ziren herritarren eskura asteazken goizean Kiroldegian bertan, eta aipatu moduan, ordu gutxiren buruan agortu ziren.

Irudien proiekzioa, bertsoak eta bakarrizketak
Aginagan izan ziren iaz urte garai honetan. Ordutik, Euskal Herrian barrena egin duten bidaiaren ostean Usurbila datoz orain Euskal Telebistaren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldeko kideak. Egunotan kalean aurkituko dituzue Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, Usurbilgo irudi eta ahotsak biltzen. 

Egunotan egindako lana azaroaren 14an 20:00etan Oiardo Kiroldegian egingo duten azken grabaketa saioan eskainiko dituzte. Beste herrietan egin izan duten moduan, Gurrutxaga eta Pagadiren bakarrizketak eta Sebastian Lizasoren bertsoak tartekatuko dira emanaldian zehar. 

Egunotan nahiz Oiardon azaroaren 14an eginiko grabazioa gerora Euskal Telebistak plazaratuko du, igande gaueko 22:00etan eskaini ohi duen "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.