Jon Maiak gaur hitzaldi batekin hasi eta kantuan borobilduko du larunbateko Mundualdia

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 07:50

Bitan bisitatuko gaitu Jon Maiak. Ostegun honetan 19:00etan Sutegin eskainiko duen "Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat”  hitzaldiaren harira, eta larunbatean Hezurbeltzak taldearekin emango duen kontzertuak borobilduko du Mundualdia.

Jon Maiak abiaraziko du 2019ko Usurbilgo Mundualdia, eta Maiak berak emango dio amaiera. Hasiera hitzaldi batekin, kantuan amaitzeko. Ostegun honetan (azaroak 7) "Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat” ekarriko digu 19:00etan Sutegira. "Francoren diktadurapean milaka eta milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira. Integrazioa, identitatea, hizkuntza... gai gatazkatsuak izan dira kultura desberdinen artean. Horietaz eta bere familiaren esperientziaz hitz egingo du Jon Maiak". Horretarako bere sustraietara jo eta bere familiaren jatorrietatik bertsolaritzaraino egindako bidea izango du aztergai gaur Sutegin.

Hezurbeltzak
Hezurbeltzak hirukotea Jon Maiak (abeslari eta bertsolaria), Gorka Hermosak (akordeoia) eta Pittik (kitarra) osatzen du. Larunbateko Mundualdia jaialdia borobiltzeko kontzertuan izango ditugu hirurak frontoiko oholtza gainean.

"Hezurbeltzak proiektuak ibilbide luzeko eta nortasun eta izen handiko hiru artista bildu ditu eta bere zuzeneko emanaldietan musika gainditzen duen unibertso propioa sortzen da. Kantu eta testuetan besteak beste emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak. Eszenatokietan ohikoa ez den eskaintza berezia da Hezurbeltzak taldeak dakarrena. Jon Maia Soria bertsolaria taldeko abeslaria eta letragilea da. Musika arloan, hainbat musika talde eta abeslarirentzat egin ditu kantuen hitzak, eta Karidadeko Benta taldearen sortzaile abeslari eta letragilea izan zen. Idazlea, dokumentalgile eta komunikabideetan kolaboratzailea da".

MUNDUALDIA
Azaroak 7, osteguna
19:00 
Jon Maiaren hitzaldia Sutegin: “Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat”.

Azaroak 9, larunbata
Frontoian:
17:00 Gaztelekuaren ekintza.
17:30 Zirimararen familia plana Mikel Laboa plazan: herri kirolak haur eta gurasoentzat. Ekimen irekia, ez dago izena eman beharrik.
18:00 Alkatearen agurra.
18:10 Zirimara taldearen eta Orbeldi Dantza Taldearen munduko dantzen emanaldia. Zirimarako haurrek gurasoei dantzak irakatsiko dizkiete.
19:00 Jakien dastaketa.
20:30 Hezurbeltzak Jon Maiaren folk taldearen kontzertua.
Antolatzailea: herritar talde bat eta Usurbilgo Udala.