2020ko aurrekontuak auzoz auzo aurkeztuko ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 10:45

Azaroaren 12tik 20ra bira iragarri du Udalak, udalerrian barrena. 2020ko udal aurrekontuak aurkeztu eta herritarren ekarpenak biltzen izango da gobernu taldea Kaxkoan, Kalezarren, Zubietan, Txokoalden, Santuenean, Aginagan eta Munalurran.

Auzo nahiz herri guztiotan aurkezpen saio bana iragarri du udal gobernu taldeak. Ez soilik urte berriko aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu, baita herritarren iritzi nahiz proposamenak biltzeko ere. "Parte hartu eta egin zure ekarpena!", luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.

Aurreko urteen ildotik, lehenbizi herritar nahiz eragileei aurkeztu eta haien guztien ekarpenez hornitu nahi ditu udal gobernu taldeak landuak dituen 2020ko aurrekontuak. Eragile nahiz herritarren ekarpen guztiok batuta, urte amaierako azken osoko bilkuran eraman izan dituzte aurreko urteetan, urte berriko aurrekontuak hasieraz onartzera.

2020ko UDAL AURREKONTUAK AURKEZTEKO BILERA SORTA
Azaroak 12, asteartea
19:00 Kaxkoko aurkezpena Potxoenean.

Azaroak 13, asteazkena
19:00 Kalezarreko aurkezpena Haur Eskolan.
19:00 Zubietako aurkezpena Kaxkapen.

Azaroak 19, asteartea
19:00 Txokoaldeko aurkezpena Erroizpe elkartean.
19:00 Santueneko aurkezpena auzo elkartearen egoitzan.

Azaroak 20, asteazkena
19:00 Aginagako aurkezpena ludotekan.
19:00 Munalurrako aurkezpena Eguzki elkartean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.