“Zumalakarregi eta Bere Garaia” Nafartarrak taldeak antolaturiko jardunaldi eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 09:40

“Zumalakarregi eta Bere Garaia” izeneko jardunaldia antolatu du Nafartarrak Kultur Taldeak larunbat honetarako, azaroaren 9rako Sutegin. Pertsona honen inguruko ezagutzan sakontzeko eta bere garaia eta testuinguru historikoa hizpide duen egun osoko egitaraua osatu dute.

"Tomas Zumalakarregi, gure herrialdearen figura historiko nagusietako bat da, errelato ofizialaren hegemoniari ihes egitea lortu duen gutxienetako bat hain zuzen ere. Hala izan da behintzat herriaren iruditerian, gure herri, eskualde eta hiri askotan aurkitu daitezkeen kaleek erakusten diguten bezala", diote Nafartarrak taldetik.

Zumalakarregi bizi izan zen garaiaz, testuinguruaz jardungo dira. "Bere biografia zehatzaz harago, bere garaiari lotutako gizon bat izan zen. Trantsizio garaia izan zen hura: Aro Zaharretik Aro Garaikidera, despotismo ilustratutik liberalismora. Napoleonen inbasioaren trauma gailenduta, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari euren jatorrizko ohitura eta legeak defendatzea egokitu zitzaien, eredu bakarreko kultura eta hizkuntzaren kontra. Hala, Zumalakarregiren pertsonaiean sakontzeko, ezinbestekoa suertatuko da bere garaia eta testuinguru historikoa ezagutzera ematea. Horretarako, garai hartako testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoa aztertzea izanen dugu helburu: komunalen sistema, euskararen egoera, landa eremuko biztanleria, hirietako langileria... Azken finean, Zumalakarregi eta bere garaiaren inguruan ekarpenak egitean datza helburua, garai hartako liberalismoaren eta gaur egun luzatu den errelatoaren ikuspegitik harago".


JARDUNALDIA: "TOMAS ZUMALAKARREGI ETA BERE GARAIA"
Azaroak 9, larunbata
9:00-9:30 Akreditazioak.
9:30-10:00 Sarrera: Joseba Tapia eta Idoia Arrieta.
10:00-10:45 Zumalakarregi, ezagutza, Dulantziko guda eta taktika militarra. Fernando Sánchez Aranaz (Erdaraz).
10:45-11:30 Zumalakarregi, ikurra eta izatea. Mikel Sorauren (Erdaraz).
11:30-12:00 Atsedena.
12:00-12:45 Komunalak eta auzolana. Patxi Zabaleta.
12:45-13:30 Euskararen egoera XIX. mendearen lehen erdian. Juantxo Madariaga.
14:00-16:00 Bazkaria.
16:00-16:15 Bideoa: Foruen deuseztatzea. Xabier Irujo.
16:15-17:45 Mahai-ingurua: "Euskal populazioaren karlismoarekiko atxikimenduaren arrazoiak". Parte hartzaileak: Asisko Urmeneta (marrazkilaria eta idazlea), Mikel Alberdi (Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoaren zuzendaria). Moderatzailea: Eneko Bidegain (irakaslea Mondragon Unibertsitatean)
17:45-18:00 Ondorioak eta itxiera: Idoia Arrieta (Historian Doktorea).

Izen ematea: 10 euro (bazkariarekin 30 euro). 
info@nabarralde.com
aihert@gmail.com

Antolatzailea: Nafartarrak Kultur Taldea.
Laguntzaileak: Nabarralde, Usurbilgo Udala eta Martin Ttipia.