Usurbilerako elikagaien burujabetza proiektua aurkeztuko dute 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 08:00

Herritar talde batek azken asteotan antolaturiko energiari lotutako jardunaldien baitan egingo da aipatu aurkezpena; ostiral arratsaldeko 18:00etan Potxoenean, Jesus Calvillo adituarekin.

Etorkizunera begira kezka iturri dugun energia hizpide izango duten jardunaldiak antolatu ditu herritar talde batek asteotarako. Eremu honetan bizi dugun egoeraren aurrean “planteatzen ari ginen zer egin dezakegun jendearengana iristeko, beste bide bat behintzat badela adierazteko eta bide horretan zerbait egiten hasteko”. Herritar talde hau elkartu eta petrolioa, energiari lotutako toki-esperientziak eta Usurbilgo autohornikuntza azterketa hizpide izango duten hiru saio antolatu dituzte asteotan Potxoenean. “Jardunaldi hauetan proposamen zehatzak ekarriko dira”, iragarri dute. Tartean, Ispasterrekoarekin (Bizkaia) batera, Zubietak energiaren inguruan egiten ari den lanketa ekarri muten hitzorduotara; gaurkoan, Usurbilerako elikagaien burujabetza proiektua.

“Jardunaldion helburua ez da soilik eztabaida piztea”, gaineratzen dutenez, Usurbilen energia eta elikadura subirautzaren arloetan, edota hondakin zein mugikortasunaren eremuetan lan egingo luketen “lan taldeak sortzea baizik, beste eredu bat bultzatzeko”.

Gaizki dagoenaz protestatzetik haratago joan behar garela azpimarratzen du herritar talde honek. “Denbora dezente galdu dugu. Zehaztasunez eta modu errealean eraikitzen hasi behar dugu”, ohartarazten digute. Pil-pilean den klima larrialdiaren harira sarritan entzuten ari garen moduan, berandutu baino lehen. Datorkigunaren aurrean gutxienez, “pixka bat prestatuak harrapa gaitzala. Goazen prestatzen hastera”.

DATOZEN JARDUNALDIAK
Azaroak 8, ostirala
18:00 Hitzaldia Potxoenean. “Usurbilgo autohornikuntza azterketa”. Hizlaria: Jesus Calvillo.

Antolatzailea: herritar taldea.