Abisu horian haizeagatik 21:00ak arte eta euriagatik goizaldeko 6:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 08:00

Egunotarako abisuen gaineko informazioa eguneratu berri du Euskalmet meteorologia agentziak. Haizeagatik abisu horiaren eraginpean izango gara ostiral gaueko 21:00ak arte. Prezipitazio handiagatik gaur arratsaldeko 15:00etatik 21:00ak arte. Prezipitazio iraunkorragatik larunbat goizaldeko 6:00ak arte. Hitz gutxitan, negu giroa izango dugu asteburuan.

Abisu horian igaroko dugun epealdiari buruzko informazioa eguneratu du Euskalmet meteorologia agentziak datozen 24 orduotarako. Abisu horian izango gara haizeagatik ostiral gaueko 21:00ak arte. Haizeguneetan, "mendebal-osagaiko haize boladek, ipar-mendebaldekoa nagusituz, baliteke 100 km/h-ko abiadura gainditzea kostaldeko haizeguneetan, bereziki mendebaldean. Mendi inguruetan 80-100 km/h inguruko haize-boladak izan daitezke. Kostaldetik gertu dauden eta haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke". 

Prezipitazioengatik ere bi abisu hori daude indarrean. Batetik, prezipitazio handiagatik ostiral gaueko 21:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 15 l/m² baino gehiago pila daiteke ordubetean. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta indartsuago kantauri isurialdean non zenbait lekutan handiak izan daitezkeen. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake", Euskalmet-en arabera.

Horrekin batera, prezipitazio iraunkorragatik larunbat goizaldeko 6:00ak arte izango dute abisu horia indarrean. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan baliteke 60 l/m² baino gehiago pilatzea 24 orduan. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra izango da, eta zenbait lekutan zaparradak handiak izan litezke. Baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea", aipatu meteorologia agentziak iragarri duenez.

Ekaitz giroa
Usurbilen honenbestez gaur negu giroa izango dugu, "goibel eta oso euritsua. Noizbehinka zaparrada mardulak bota ditzake eta trumoi-ekaitza izan daiteke, txingorrarekin batera. Mendebaldeko haize gogorra ibiliko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Larunbatean (azaroak 9), "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu; eguerdi aldera atertzera egingo du eta ostarte batzuk agertuko dira. Mendebaldeko haize bizia ibilliko da, eguerdi aldera hego-mendebaldekoa nagusi, bolada gogorrekin amaieran. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 8, ostirala
"Ostiralean eguraldiak neguko itxura hartuko du. Goiz erditik aurrera euria barra-barra egingo du; zenbait lekutan zaparrada handiak bota ditzake eta litekeena da trumoi-ekaitzak jotzea, txingorrarekin batera. Elur-kota 800-900 metro inguruan egongo da hasieran, goizean igo eta 1000 eta 1200 metro artean kokatuko da gero; mendi gailurretan izotza egingo du. Haizea ere hizpide; bolada oso gogorrak espero dira, batez ere kostaldean eta eguerditik aurrera, eta itsaso zakarra eragingo du. Tenperaturak behera egingo du eta maximoak kostaldeko zenbait lekutan salbu, ez dira 10 ºC-ra iritsiko".

Azaroak 9, larunbata
"Giro bustiak jarraipena izango badu ere, zaparradak tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira, oro har. Goiz partean eta eguerdi partean aterruneak izan ditzakegu eta ostarte txiki batzuk ireki daitezke. Dena den, gainerako orduetan, noizbehinka zaparradak botako ditu, batez ere ipar partean, eta arratsaldeak aurrera egin ahala gero eta mardulagoak izango dira. Mendebaldeko haizea bizi ibiliko den arren, ez du ostiraleko indarrik izango eta eguerdi partean hego-ukitua hartuko du. Tenperatura maximoak koska pare bat gorago geldituko dira. Elur-maila 1300-1400 m inguruan kokatuko da eta gauean 1000-1200 m-ra jaitsiko da".

Azaroak 10, igandea
"Eguraldia berriro ere gordindu egingo da. Noiznahi eta nonahi zaparradak botako ditu eta tarteka barra-barra botako du; ekaitzak jo eta txingorra ere egin lezake. Ipar-mendebaldeko haizea zakartu egingo da eta boladaka oso gogor joko du kostaldean. Ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin, kostaldean eta mendi inguruetan. Ziertzoak bizi joko du, tarteka gogor. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta 12 ºC-ra iritsiko dira kostaldean eta 8-9 ºC-ra barnealdean. Elur-kota 1000 m inguruan kokatuko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus