Zergatik hasi zinen Mundualdian parte hartzen?
Karina Centeno: Senideek animatu ninduten. Aberasgarria da herriarentzat, norbere herriko kulturaren parte diren jakiak erakustea, zure sorterria ezagutzera ematen ari zara. Garrantzitsua da nork bere ahotik nor den, nongoa, zer sukaldatzen ari garen azaltzea. Baita halako jai bat izatea eta herri kideen arteko elkarbizitza sustatzea.
Mundualdiko zure postua hurbilduko direnei, nola aurkeztuko zenieke zure sorterria?
Nikaragua aberatsa da natur baliabideetan eta baita jendarte aldetik ere. Oso abegikorrak gara bertara heltzen direnekiko, maitakorrak, oso alaiak eta solidarioak. Borroka asko egin behar izan dugunez, txarra ontasunean eraldatzeko gai gara. Gure elikaduraren oinarri dira babarrunak, arroza eta artoa.
Larunbatean zergatik murgildu beharko genuke Mundualdian?
Usurbildar guztiak gerturatu daitezela Mundualdira, herri ezberdinetako pertsonak eskaintzen ariko garen jakien dastaketara. Hartara, hartueman gehiago izan dezagun, eta ezagutu dadila hemen bizi garenak nortzuk garen. Arratsalde atsegin bat bizi dezagula.
Usurbilen zer nolako harrera egin zaizula sentitu duzu?
Nikaraguan abegikorrak gara datozenekin eta hala sentitu naiz hemen. Inoiz ez dut arrazagatiko diskriminaziorik sentitu. Herrikide bat gehiago bezala sentitu naiz. Oso ondo moldatu naiz jendearekin. Hemen herri askotako jendea bizi dela konturatu naiz eta harrera ona egiten dela. Gogorra da norbere herritik joan beharra, lagunarteko erosotasun horretatik deserriratu beharra. Gizakiok badugu egokitzeko gaitasuna halere eta aurrera egiten da. Orain sorterriko lagunekin eta hemengo jendearekin dut harremana, gauza handia da. Halere herri honi lotuagoa nago gaur egun, nahiz hara gustuko dudan bidaiatzea.
Zaila egin zaizu bizimodu aldaketa?
Erizaina naiz. Kimika eta farmazia ikasketak egin nituen Nikaraguan eta farmazia batean lan egiten nuen. Hona lanera etorri nintzen. Gure herritik ateratzera behartuak sentitzen gara hain zuzen, dugun gobernu motagatik, ez dugulako soldata duin bat. Nire titulazioa ekarri nuen, baina burokrazia leku guztietan existitzen da. Bulego batera joan eta beste batera bidaltzen ninduten. Ez nuen denborarik lanean ibilita. Hemen interna moduan lan egin dut 6 urteotan, herrian bertan. Baina oso ondo. Lan aldaketak aldaketa, lanak edozein izanda ere pertsona duintzen duela diot beti.
Mundualdia ospatuko dugu larunbatean. Helburuetako bat usurbildarren arteko hartuemanak sendotzea da. Horretan zer egina badugu ezta?
Bai eta ez bakarrik Mundualdian. Sorterri ezberdinetako herritarrak daude Usurbilen. Ondo legoke denok elkarte batean batzea, gure artean integratzeko, elkar laguntzeko, zer behar ditugun ikusteko eta dauden hainbat errealitate ulertzeko. Nikaraguan banka moduko bat genuen elkar laguntzeko. Lan egin nahi duenari bidea erraztu beharko litzaioke, hainbeste burokraziarik gabe. Bestalde, ikastea gustuko dut. Euskara ikastea garrantzitsua iruditzen zait, bertako hizkuntza ikasteak bizi zaren lekuko parte sentiarazten baitzaitu. Horretarako, garrantzitsua da aukera hori ematea, erraztasunak, herriaren parte sentiaraztea.
Kontuan hartua izatea.
Edonora bizitzera zoazela, erakundeek ez dute bakarrik laguntzeko izan behar. Alternatiba eskaintza egotea kanpokoentzat. Hobeto azaltzea zer aukera ditugun, gu ere erabilgarriagoak izan gaitezen. Beti diot, parasitoak ez ditut ezta sabelean izan nahi. Erabilgarriak sentitu nahi dugu herrian.