San Martin egunari gorazarre gaur Udarregi Ikastolan

Azaroak 11 ditu gaur, San Martin Eguna! Udarregi Ikastolako HH eta LH-ko ikasleek kantuan eta dantzan egin diote gorazarre.

Ikasle helduenek txirularen laguntzaz, gainerakoak kantuan gorazarre egin diote astelehen honi. Azaroak 11 ditu gaur, San Martin eguna dugu. Usadio zaharrei erreparatzen badiegu, gero negu luzean txerrikiez elikatzeko historikoki txerria hiltzeko eguna. 

Udarregi Ikastolan ordea ez. Iaz bezala, txerria bera omentzeko baliatzen dute San Martin Eguna. Kantuan eta dantzan egiten diote gorazarre. Baita aurten ere, astelehen arratsaldeko klaseak amaitu baino lehen, Agerialdeko patiora jaitsi eta "Azaroak 11" abesten eta dantzan aritu dira Jaione Eskudero musika irakaslearen gidaritzapean.

Hurrengo hitzorduak
Laster irtengo dira berriz plazara. Abenduaren 3ko Euskararen Egunean edota neguko oporren atarian, abenduaren 20an ere kantuan ikusiko ditugu Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak herrian barrena.