NOAUA! Poesia errezitaldia eskainiko duzu Sutegin. Zure poema propioak edo besteenak errezitatuko dituzu?
Ugaitz Agirre: "Non dago Amaia?" poesia performantzea dela esan daiteke, parte naizen gizartea ardatz hartuta idatzitako poema propioekin osatutakoa. Emanaldiaren eskema nagusia ipuin batek osatzen du, beraz hiru kapitulu nagusi daude: hasiera, korapiloa eta amaiera. Horien arabera sailkatu ditut poemak. Lehen zatian liluramendutik esnatzearen inguruko poemak entzungo dira, hain zuzen, “Haur ipuin bat” eta “Grabitatea”. Bigarrengoan, gizarteko arazo ezberdinak tratatzen dira eta bertan entzungo dira bestelako ekitaldietan errezitatuak ditudan “Progresua”, “Kaioak” edota “Denbora”. Hirugarren zatian, bukaera legez, arazoen irtenbidea iradokitzen saiatu naiz. Orotara hamasei poema errezitatuko ditut. Hala ere, eta hasieran esan dut, ez da errezitatze hutsa izango. Eszenaratze bat dago eta musika, antzerkia eta irudiak ere egongo dira hitzarekin batera. Olerkiak musikaren gainean errezitatuko ditut eta abestien hautaketa egiterakoan marrazki bizidunetako musikara mugatu naiz. Marrazki bizidunak haurrekin lotzen ditugu orokorrean, eta horrekin jolastu nahi dut errezitaldian zehar: nola haur ipuin bat helduen amesgaizto bihurtzen den. Bestetik, irudiak proiektatuko dira diskurtsoaren lagungarri izan daitezen, beti ere haur ukitu horrekin. Eta azkenik, mozorrotuta agertuko naiz oholtzan antzerkiari berari laguntzeko.
Nobela bat argitaratu zenuen duela urtebete: "Tximeletak bizkarrean". Poemak ere idazten dituzu. Poesia libururen bat argitaratzerik ez daukazu buruan?
Literaturaren munduan poesiaren bidez sartu nintzen duela hamarkada bat. Zenbait lehiaketetan garaile suertatu nintzen, baina liburu formatua ematerakoan ez dut zorterik izan. Egia da liburuak baduela pisu bat zure lanari plus gehigarria ematen diona, eta eleberriarekin zorte hori izan dut.
Esku artean ditudan poema hauekin ere saia naiteke liburu formatua ematen, baina azken batean idatzitakoa aurkeztea da helburua eta zuzeneko emanaldiak poesiarako oso aproposak iruditzen zaizkit. Beraz, ez dut lehentasunen artean jartzen poema horiekin gehi ditudan besteekin liburu bat osatzea. Oraingoz.
"Tximeletak bizkarrean" nobelak harrera ona izan al du?
Esango nuke baietz. Esperientzia polita izan da lehen liburuarekin izandakoa, asko ikasi dut bidean eta pertsonalki horrekin geratzen naiz, utikan egin gabe oraingo komentario eta iritziei. Baina esan bezala, iraganean daukat nobela.
Herriko liburutegian, eta herritarren aurrean. Bertan etxean bezala sentitzen zara?
Sutegi udal liburutegian beti sentitu naiz etxean bezala, bai aurkezpena egin genuenean, bai orain liburuaz solasean irakurleekin.