Sagardo botilak berrerabiltzeko Sagarberritu proiektua aurkeztu dute

Sagardo botilen berrerabiltzea sustatuko duen "Sagarberritu" proiektu-pilotua aurkeztu dute goizean Astigarragako Sagardoetxean, Europako hondakinen prebentzio astearen testuinguruan. 

Erabilitako sagardo botilak berrerabiltzea da, sagardogintza sektorea indartu eta balio erantsia ematen dion proiektu honen xedea. Sagarberritu martxan dute jada eta horren berri emateko agerraldia deitu dute astearte goizean Astigarragako Sagardoetxean. Beterri-Buruntzako lehendakari Mari Jose Izagirrek, Euskal Sagardoa Federazioko zuzendari Unai Agirrek, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko zuzendari Olatz Mitxelenak, San Markos Mankomunitateko lehendakari Mikel Pagolak eta Beterri Errotuz laneratze enpresako koordinatzaile Ramon Elorzek parte hartu dute hitzorduan.

Esperientzia pilotu honekin, sagardo botilak berrerabili nahi dira, "berrerabilpen zerbitzu bideragarri, jasangarri, sozial eta ekonomikoaren bidez". 2018an egindako azterlan baten arabera, 1.842.553 botila ekoizten dira urtero Beterri-Buruntza eskualdean eta %22a ez dira berrerabiltzen, gaurko agerraldian azaldu dutenez.

Horren aurrean, proiektuak sagardo botilak egiten duten bidea aldarazten du; sagardo kaxetan botila hutsak sartu, kaxak bildu eta Astigarragako garbiketa enpresa batera garraiatzen dira, gero merkaturatzeko. Hartara, "ekonomia zirkularra bermatzen du, garapen iraunkorrean oinarritzen da produktuen, zerbitzuen, hondakinen, materialen, uraren eta energiaren “bizi zikloa ixtea” ahalbideratzen du. Beirazko botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da, balio duen ezer ez botatzeko helburuz".

Botilak berrerabiltzeko, Garbiguneak
Egitasmoa Beterri-Errotuz laneratze enpresaren bidez burutzen du, honenbestez, "proiektu honek bere 
aspektu soziala du". Laneratzeko zailtasunak izan nahiz baztertze arriskuan dauden pertsonei lan munduratzea erraztuko die. 

Proiektu honetara garbiguneak utziz batu diren San Marko Mankomunitatea eta Tolosako Mankomunitatea eskertu dituzte baita, Euskal Sagardoa eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen babesa ere. "Proiektuaren babesle nagusi dira hauek. Beraiek ere bat egiten dute merkatu honetan dagoen berrerabiltzeko beharrarekin. Ildo horretatik aurrera begira lanean jarraitu beharra baieztatzen da honela".

Herritarrei ere Sagarberritu proiektuarekin bat egitera deitu diete. "
Beterri-Buruntza eskualdeko eta San Markos Mankomunitateko garbiguneetan sagardo kaxa hutsak utzi dira; hortaz, herritarrek bertaratzeko aukera dute, botilen berrerabilpena gauzatzeko", berri eman dute gaurko agerraldian. 

Egitasmoak berrerabilpenaren kontzientzia sustatzeko balioko duela irizten diote. "Beira da egun dagoen material berrerabilgarrienetarikoa; beraz, horrelako proiektuen bidez, hondakinak murriztu, kutsadura gutxitu eta jasangarritasunarekin bat egiten dugu".

Berrerabilpen planta
Aurrera begira, sektorea indartuko duela diote. Bideragarritasuna bermatu beharko dela eta ezinbestekotzat jotzen dute berrerabilpenaren inguruko hausnarketa bideratzea. 

"Gaur egun sagardo botila neurri apalago batean berrerabiltzen da, baina denen artean, administrazioa eta sektorea batera, egin dezakegun lana handia da kopuru handiagoak berrerabili, jasangarri egin eta sektoreko pertsonei berrerabilpena erraztea lortzeko. Etorkizunean sagardo botilak berrerabiltzeko planta bat egitea bikaina izango litzateke gaur egun dauden zailtasunak gainditu eta berrerabilpena errazteko. Aurrera begira, proiektuari beste bultzada bat eman nahi zaio eta botilak sagardo dastatze edo garbiguneetan jasotzearen ordez sistema zentralizatu bateranzko bideari ekin nahi zaio. Gainera, Beterri-Buruntza eskualdera edo inguruko herrietara mugatu beharrean, Euskal lurraldean kokatuak dauden sagardotegi guztiei edo ia guztiei beraien botilak berrerabiltzera animatu nahi zaie, beraiei zuzeneko eta gertuko zerbitzua eskainiz. Honen bidez lortu nahi dena da, botilak edukiontzi berdera bota ordez, bizitza luzatzea gutxienez beste erabilera bat emanez".