“Familiak ere jendarte parekide baterantz” hitzaldia 17:00etan Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 08:34

Hezkuntzatik, eta zehazkiago etxetik jendarte parekidea sustatzeko zer egina badagoela ohartarazita, Hitz Aho guraso elkarteak "familiak ere jendarte parekide baterantz" hitzaldia antolatu du ostegun honetarako (azaroak 21) 17:00etan Udarregi Ikastolako eraikin gorrian. Adi bestalde, ikastolatik lan eskaintza baten berri jaso dugu: zientzietako irakaslea behar du ikastolak. Presazkoa da deialdia.

Hitz-Aho guraso elkarteak eta eta Udaleko parekidetasun sailak hitzaldi bat antolatu dute, "Familiak ere jendarte parekide baterantz" izenburupean, ostegunerako (azaroak 21) 17:00etan Udarregi Ikastolaren eraikin gorrian.

Jendarte parekide bat erdiesteko, “lehenik eta behin kontzientzia hartu behar dugu gaur egungo jendarte ereduak genero eta sexualitate anitzen errealitateak non kokatzen dituen”. Ez hori bakarrik. Hitz-Ahokoen ustez, “hezkuntzatik ere badaukagu zer egin berdinen arteko jendarte baterantz. Familiak ere hezkuntza eragile bat izanik, badaukate honetan zer esanik eta eginik. Familiak, haur eta nerabeen hezkuntza parekide baterantz jarri daitezke. Horretaz eta gehiagotaz solastu gaitezke hitzaldi honetan”.

Zientzietako irakaslea behar du ikastolak
DBHn zientziako gaiak irakasteko langilea behar du Udarregi Ikastolak. NOAUA!ra igorri duten lan eskaintzaren iragarkiak dioenez, fisika-kimika eta matematika irakasle baten bila dabiltza. Zientziatan graduondoa (Master Titulu Ofiziala eta Lizentziatura), DBHko Hezkuntza-Gaitasuneko Masterra eta EGA (Euskara Gaitasun Agiria) edo baliokidea izatea ezinbestekoa dute deialdiarekiko interesa izan dezaketenek. Hautagaiek duten eskarmentua ere baloratuko da. Lan deialdian azaroaren 24a baino lehen eman beharko da izena. Kurrikuluma usurbil@ikastola.eus helbidera helarazi. Elkarrizketarako eta argibide gehiago jasotzeko deitu 943 361 216 telefono zenbakira.