Haizeagatik abisu horian segiko dugu larunbat arratsaldera arte

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 22a, 08:00

Haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako haize boladak espero dira, haizeguneak ez diren guneetan 80tik gorakoak. Abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. Eta gero berriz, larunbat goizaldeko 3:00etatik larunbat arratsaldeko 15:00ak arte.

Haizeagatik abisu horian gara goizaldeko 6:00etatik eta hala segiko dugu ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. Haizeguneetan, "hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki Gipuzkoako mendi inguruetan eta goizean, orduan haize-boladak 110-120 km/h inguruak izan daitezke". Haizeguneak ez diren tokietan, "hego-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".

Larunbat goizaldeko 3:00etan berriz ere indarrean izango da abisu horia haizeagatik 12 orduz, larunbat arratsaldeko 15:00ak arte. "Kostaldeko haizeguneetan mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Mendi inguruetan haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izan daitezke. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Usurbilen ostiral honetan, "giroa goibela izango da eta euri txikia egingo du, batez ere egunaren erdiko orduetan. Hego-haizea, indartsu, bolada oso gogor batzuekin. Egunaren amaieran mendebaldera aldatuz joango da haizea. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira". Bihar, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Noizbehinka ekaitzak joko du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize gogorra ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 22, ostirala
"Giro nahasia, hegoaldeko haize zakarrarekin. Hodei ugari izango dugu egun osoan eta euria egingo du, batez ere barnealdean. Kantauri isurialdean zaparrada gutxiago botako ditu, sakabanatuagoak eta errazagoa izango da ostarte txiki batzuk irekitzea. Hegoaldeko haizeak indarrez joko du, batez ere haizeguneetan non boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezaketen, baina gainerako lekuetan ere haizeak enbarazu egingo du. Tenperaturari dagokionez, apur bat jaitsi egingo da barnealdean eta maximoak 10 ºC ingurukoak izango dira. Kostaldean15 ºC inguruko maximoak izango ditugu".

Azaroak 23, larunbata
"Larunbata giro makurrarekin dator, euriarekin eta ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin. Zaparradak edonon eta edonoiz botako ditu, baina ugariagoak izango dira ipar partean eta egunaren lehen zatian, gainera zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake. 1300-1500 metrotik gora botatzen duena elur moduan egingo du. Goizaldearen hasieran haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta zakar ibiliko da, bereziki kostaldean. Arratsaldeak aurrera egin ahala haizea ahultzen joango da. Tenperaturak behera egingo du eta hotzetik igaroko dugu eguna".

Azaroak 24, igandea
"Igandean eguraldiak apurka-apurka egonkortzera egingo du. Goizaldean eta goizean goiz ezegonkortasun hondarrak geratuko dira eta zaparradak botako ditu, bereziki ipar partean. Egunak aurrera egiten duen heinean atertzeko joera hartuko du eguraldiak eta arratsaldean eta gauean ostarteak zabalduko dira. Elur-kota 1300-1500 m-ra egongo da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da hasieran, baina arratsaldean hego-mendebaldera egingo du. Tenperaturak berdin jarraituko du, baina haizea ahuldu egingo denez, sentsazioa atseginagoa izango da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus