"Egitarau betea aurtengo ikasturteari hasiera emateko! Anima zaitez gurekin batera gazte asanbladako erronka berriei ekitera! Usurbilgo gazteria aztarrika!", hortxe sare sozialen bidez, Gazte Eguna iragartzeko Aztarrika gazte asanbladak zabaldu duen mezua.
Azaroaren 28tik 30era ospatuko den aurtengo edizioa bi solasaldiekin abiatuko dute. Jaietako erronka berriak eta gazte asanbladako kide izatea zer den hausnartzeko saio bana antolatu du Aztarrikak Potxoenean. Eta egun handia larunbatarekin, hilaren 30ean; ikasturte berriko asmoak finkatzeko saioa goizez Potxoenean. Gauez gazte afaria; txartelak salgai dituzue Aitzagan igandera arte (hilak 24).
Eta afalaurretik zein afalondoren musika kontuak; arratsaldez Askatasuna plazan hasi eta amaituko den jai giroa. Dj ibiltari bat abiatuko da bertatik, eta gero, Euskaraldia taldekoek abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira eta 2020ko edizioa girotzeko antolatu duten ekitaldietako bat; Usurbilgo artixten emanaldia aipatu plazan.
"Usurbildarrak daukate!" jaialdiko Askatasuna plazako oholtza gainean, diziplina ezberdinak jorratzen dituzten herritar sortzaileak ikusiko ditugu. Musika, antzerkia, poesia... elkar gurutzatuko dira ekitaldi berean.
Afalostean, goizaldera arte luzatuko den kontzertu gaua!
GAZTE EGUNA
Azaroak 28, osteguna
22:00 Txosna Batzordearen eskutik, "Erronka berriak herriko jaietan" solasaldia Potxoenean.
Azaroak 29, ostirala
21:30 "Aztarrikarrak: zer da gazte asanbladako kide izatea?" solasaldia Potxoenean.
Azaroak 30, larunbata
11:00 "Usurbilgo gazteria aztarrika! Urteko asmoak finkatzen" Potxoenean.
18:00 Dj ibiltaria, Askatasuna plazatik abiatuta.
19:30 "Usurbildarrak daukate" herriko artixten emanaldia Askatasuna plazan.
21:00 Gazte afaria: txartelak Aitzagan salgai.
23:30 Kontzertuak Askatasuna plazan: Iñorkiñak, Egurra ta Kitto, Gora Etorri eta Dj. Baxur.
Antolatzailea: Aztarrika.