Usurbil, plaza gozoena gaurkoan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 24a, 14:11

Eguerdi bizi bezain gozoa igande honetakoa frontoian eta plazaren bueltan. 21. Erle Egunak gozo, ezti eta erle zaleez bete du herri erdigunea.

Ziztada gozoak gaurko Erle Egunean. Plazako postu anitzetan, ikusmina eta erosketak egiten jendea noiznahi. Frontoian, erle bizi askoak ikusgai. Ezti naturala dastatzeko aukera bertatik bertara. Alboan, epaimahaiak ezti nahiz gozogintza txapelketetako irabazleak erabakitzen.

Herri eragile ezberdinak ere lanean gaur; talogileak, Aitzaga eta Txiriboga arteko pasabidearen babespean. Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko kideak, manifesturako sinadurak biltzen eta materiala saltzen. Orbeldi Dantza Taldea 2020ko egutegiak saltzen plazan. Eta antolatzaileak, Erle Lagunak taldekoak gora eta behera lanean baita etenik gabe.

Gozotik joan zaigu, azken egunotako euri eta haizeeteen ostean, eguzki izpien ziztadek are gehiago gozarazi duten 21. Erle Eguna.