Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna: Adierazpen instituzionala
Azaroaren 25a, emakumeen kontra egiten den indarkeria mota oro guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da, eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean aldarrikatzeko eguna. Horregatik, egun honetan erakunde publikook, borroka horretan dugun lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu.
Beraz, Usurbilgo Udaleko EH Bilduko taldeak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta ondoren onartzeko.
ZIOA:
Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, Usurbilgo Udalak gure herria indarkeria matxistarik gabeko herria izateko ardura bere egiten du. Eta, zentzu horretan, lehentasunezko konpromisoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontra. Emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza posible izateko, ezinbestekoa da egungo orden sozial patriarkala aldatzea eta indarkeria matxistaren erroei erreparatzea.
Egoera larria da. Estatistikek aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxista gora egiten ari dela: urtea hasi denetik, 3 emakume erail dituzte Euskal Herrian. Zorionez, mugimendu feministaren lan kementsuari esker, gure jendartearen gehiengo handi batek erailketa matxistak edota eraso sexistak irmoki gaitzesten ditu. Hedabideetan, gainera, gero eta toki gehiago dute, baina, era berean, kezkagarria da hainbatetan eraikitzen dituzten errelatoak: emakumeak berbiktimizatu egiten dituzte edota euren gain jartzen duten erasoaren erantzukizuna. Beraz, adi egotea dagokigu.
Gaitzespena bai, baina oraindik ere emakumeek egunero pairatzen dituzten askotariko indarkeria adierazpenekiko tolerantzia eta inbisibilizazio handia dago. Izan ere, erailketa edota eraso matxistak ezin ditugu modu isolatuan ulertu, eta arazoaren muinera, sustraietara, jo behar dugu ezinbestean. Erakundeok horren ardura dugu, izan ere, indarkeria matxistak sistema sozial, ekonomiko eta sinboliko honetan du jatorria. Sistema hori injustua da; aukera berdintasunik ez du bermatzen, emakumeak menpeko estatus batean kokatzen ditu eta indarkeria matxista erabiltzen du tresna sistemiko gisa. Eta sistema honek indarkeria fisikoa, psikologikoa, ahozkoa, sexuala, sinbolikoa edota ekonomikoa eragiten ditu eta gizarteko eta geure bizitzetako eremu guztietan ateratzen da, noiznahi eta nonahi da: kaleetan, lanean, aisialdian, jai-guneetan, hedabideetan, etxean, whatsapp-taldeetan... Indarkeria mota eta adierazpen horiek guztiak elkar lotuta daude.
Hortaz, arlo guztietan eta indarkeriaren adierazpen guztien gaineko zeharkako lanketa estrategikoa eta iraunkorra bultzatzea funtsezkoa da. Hala, lanketa horren lehenengo xedea izan behar du indarkeria mota horiek agerian uztea eta normaltasunez ez hartzea, eta gero, erroan, jatorrian esku-hartu behar dugu, egungo orden soziala eraldatzeko urratsak eginez, hau da, bizitzaren arlo guztietan, publikoan nahiz pribatuan, estereotipoak, sinesmenak, baloreak, jarrerak, praktikak eta abarrak eraldatuz. Eta zeregin hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok geure egin behar dugu, hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari hauspoa ematen jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea sortzen edo babesten ari den indarkeria matxistari: erakunde publikoek, kultura- eragileek, hedabideek, lan-arloko eragileek edota eragile ekonomikoek. Baina herritarrek, familiek, adiskideek, kolektiboek eta arduradun publikook ere zuzeneko erantzukizuna dute ere.
Hala, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Usurbil feminista baten aldeko aldarrikapena, eta dagozkigun konpromisoak geure egiten ditugu bide horretan. Eta argi dugu, era berean, zeregin hori mugimendu feministarekin elkarlanean egin behar dugula.
Esandakoagatik, Usurbilgo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:
1.- Usurbilgo Udalak Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.
2.- Usurbilgo Udalak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
3.- Usurbilgo Udalak herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.
4.- Usurbilgo Udalak neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak sustatzen jarraituko du, hala nola autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
5.- Usurbilgo Udalak beharrezko ezinbestekotzat du nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorra, emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab. Bide horretan sakontzeko konpromisoa hartzen du udal honek.
6.- Usurbilgo Udalak indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala, etab. jasoz.
7.- Erakunde honetatik, hau da, Usurbilgo Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
8.- Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.