#A25 Bilgune feminista aurkeztu du Udarregi Ikastolako DBHko ikasle talde batek

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 11:03

Hala berri eman dute sare sozialen bidez, ikasle taldeak berak Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egun honetan Udarregiko barne aretoan egin duen agerraldian.

"Hezkuntza patriarkalari guk autodefentsa feminista" aldarria zeraman pankartaren bueltan bildu da Udarregi Ikastolako ikasle taldea. Aipatu moduan, DBH-ko neska gazteak. Bilgune feminista aurkeztu dute Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egun honetan. 

"Talde feminista bat osatu dugula esan nahi dizuegu Udarregiko neska orok eta sortzen ditugun emanaldi nahiz ekintza batzuetara mutilak ere etor daitezkeela esan nahi dugu. Horregatik, edozein laguntza edo aportazio ongi etorriak izango dira. Gure jakintza eta bizipen txar nahiz eta on horiei ateak zabaldu nahi dizkiegu. Udarregi Ikastolako neskak ateak ireki ditugu behingoz. Iritsi da gure ordua!", iragarri dute. 

"Ez dugu bat gehiago onartuko"
Zenbatzen hasi zirenetik, estatuan izan diren erahilketak ekarri dituzte gogora. "2003tik gaur arte, 1.026 emakume hil dituzte indarkeria matxista jasaten zutelako Espainia mailan. Urtea bukatu gabe estatuan jadanik 51 emakume hil dira", adierazi dute.

Egoera honen aurrean, argi dio ikastolako bilgune feministak; "ez dugu bat gehiago onartuko gure herrian ezta mundu mailan, emakumeak askeak izateko eta ez loturik egoteko jaio garelako". Ez munduan, ez herrian ezta ikastolan ere. "Udarregi mailan eraso matxistarik zein sexistarik ez dela onartuko jakinarazi nahi dizuegu. Lana eta lanketa dugu aurretik. Ekin lanari gora udarregi feminista!".