#A25 Erasorik gabeko Gazte Eguna izateko lanketa bideratu dute

Noaua Aldizkaria 2019ko azaroaren 25a

Azaroaren 30erako Gazte Egunerako besoko moredun bolondres taldea eta erasoen markagailua iragarri ditu Aztarrika Gazte Asanbladak.

Hausnarketarako iragarri dituen bi jardunaldi egunen ondotik, ekitaldi nagusiak bilduko dituen Gazte Eguna iragarri ditu Aztarrika Gazte Asanbladak larunbaterako (azaroak 30). Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Dj ibiltaria, gazte afaria edota kontzertu gaua ospatuko ditu Askatasuna plazan. 

Parranda orduotarako, jaietan egin bezala, talde feministak eraso sexisten aurkako bi ekimen jarriko ditu martxan; batetik besoko morea eramango dute 10 bat lagunek. Erasorik gertatuko balitz, besoko morea duten lagunongana gerturatu ahalko da, eta erasoen markagailua jarriko dute. Bi astean behin Potxoenean biltzen diren kafe tertuliako kideek landu dituzte ekimenok gazte asanbladarekin, Gazte Egunera begira. Taldeak herri mailan duen indarra nabarmentzen du gazte asanbladak.

Azaroaren 28tik 30era antolatu dituen ekimenekin, ikasturte berria abiarazi eta hurrengo hilabeteotarako lanketarako gaiak edota erronkak marraztu nahi ditu Aztarrikak. Lanketa gazteen kezka edo beharretik abiatu nahi dute eta horretarako antolatu dituzte jardunaldi saio ezberdinak. “Gogotsu dauden gazte berriak anima daitezela etortzera. Gazte berrien kezkak entzun nahi ditugu”, adierazi dute Aztarrikakoek. 

GAZTE EGUNA
Azaroak 28, osteguna
22:00
Txosna Batzordearen eskutik, “Erronka berriak herriko jaietan” solasaldia.

Azaroak 29, ostirala
21:30
“Aztarrikarrak: zer da gazte asanbladako kide izatea?” solasaldia Potxoenean.

Azaroak 30, larunbata
11:00 "Usurbilgo gazteria aztarrika! Urteko asmoak finkatzen" Potxoenean.
18:00 Dj ibiltaria, Askatasuna plazatik abiatuta.
19:30 "Usurbildarrak daukate" herriko artixten emanaldia Askatasuna plazan.
21:00 Gazte afaria: txartelak Aitzagan salgai.
23:30 Kontzertuak Askatasuna plazan: Iñorkiñak, Egurra ta Kitto, Gora Etorri eta Dj. Baxur.

Informazio gehiago: Instagramen; @aztarrika

Antolatzailea:Aztarrika.