Mobilizazio guztietan salbuespenezko espetxe politika behingoz bertan behera uztea eskatuko da, baita larriki gaixo diren presoen etxeratzea, urrunketa politikaream amaiera eta motxiladun haurren eskubideak betearaztea, euskal emakume presoek bizi duten egoera salatzearekin batera. Egoera honen aurrean, "aurten, Gabonen testuinguruan, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatzea erabaki dugu; motxiladun haurrek gurasoekin hazteko duten eskubidea aldarrikatu eta Xua ama eta aitarekin etxeratzeko eskatzeko, larriki gaixo diren presoak jasaten ari diren heriotza zigorra salatzeko; espetxean bakartuak diren emakume presoak batzeko deia egiteko, eta ezohikoa den espetxe politika honekin behin betikoz amaitu behar dela exijitzeko".
Mobilizazio hauetan parte hartzera deitu du Sarek. "Aldarri hauek oinarri, espetxe politika aldatzeko beharra da mobilizazio hauetan islatu asmo duguna eta, horretarako, ezinbestekoa dela uste dugu azken urteetan lortu dugun aniztasuna eta jendarte zein instituzio mailako adostasunak bidera atera eta aktibatzea. Datozen urteetan espainiar estatuaren nondik norakoak zuzenduko dituen Gobernu berria osatze lanetan ari den honetan, behar beharrezkoa da euskal jendartearen gehiengoak babesten dituen aldarriak kalean, era aktiboan erakustea. Elkarbizitzarako eta bakerako hain beharrezko ditugun aldaketa hauek aintzat hartu eta gauza daitezen. Presoak, dagozkien urratsak emanaz, etxera bidea egin dezaten, atera gaitezen bidera!".
Xua motxiladun haurra izan ez dadin eskatuko da
"Atera Bidera Orain Presoak" aldarripean urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazio nagusiaren aurretik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazio bana deitu du aldarri guztion bueltan Sare herritarrak, urte amaierarako. Abenduaren 21ean Gasteizen eta Iruñean, abenduaren 27an Bilbon eta abenduaren 28an Donostian. Gipuzkoako hiriburukoa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Bulebarretik. Donostiakoan bereziki, oso gogoan izango da besteak beste, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean Xuak eta bere guraso preso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangak bizi duten egoera.
Dakizuenez, Xuak 3 urte beteko ditu urtarrilaren 19an eta gurasoengandik bereiziko dute, nahiz Olatzek eta Patxik, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izan eta dagoeneko Xuarekin batera kalean behar zuten. Xua gurasoengandik bereizten badute, motxiladun haurren kolektiboko kide izango da 3 urterekin. Urte amaierako mobilizazioak iragartzeko Sarek egin duen agerraldian gogorarazi nahi izan dute kasu hau. "Nabarmentzekoa ere Xuaren kasua. Xua bere ama Olatzekin dago espetxean, baina urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta, ondorioz, ama eta aitagandik bereizia izango da". Eta ez da bakarra. "Xua moduan, beste 103 (guztira 104) motxiladun haur daude ama, aita edo biak espetxean dituztela igaro beharko dituztela beste behin ere gabonak".
Gogoan izan, ekainean jendaurrean aurkeztu zutenetik, Xua gurasoengandik bereizia izan ez dadin eta Xuarekin Olatz eta Patxi gurasoak etxeratzeko lanean diharduela "Xua Gurasoekin Etxera", Usurbil, Orio eta Zarautz aldeko lagunek osatu duten herritarren bilgunea.
Sareren mobilizazioetako aldarri eta eskakizunak
-Salbuespenezko espetxe politikaren etetea.
-Urruntze politika amaitzea: egun 142 preso 600-1.100 kilometro artean urrunduak daude. 42, 590-400 kilometro artean. Urruntze politiken ondorioz, 16 lagun hil dira istripuz.
-Espainiar estatuko espetxeetan diren 25 euskal emakume presoetatik 12 bakartuak daude, kiderik gabe. Bost seme-alabekin; 4 Valentziako Picassenten (tartean, Olatz Lasagabaster) eta bat Aranjuezen.
-Motxiladun haurrak: guraso bat edo biak espetxean dituzten 103 haur daude. 104 izan daitezke, urtarrilaren 19an Xua gurasoengandik bereizten badute.
-21 dira larriki gaixo dauden euskal presoak.