Ana Galarragaren zientzia kontakizun eta esperimentuak 18:00etan liburutegian

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 27a, 08:37

Hilabete honetan zehar Sutegi udal liburutegiak antolaturiko ipuin kontalarien zikloa borobiltzeko, Ana Galarraga zientzia-komunikatzailearen saioa gaur (azaroak 27) 18:00etan.

"Zientzia oinarri dituzten kontakizun bitxiak eta esperimentu bitxiak izango ditugu", antolakuntzak iragarri duenez. Saioa 6 urtetik gorakoei zuzendua egongo da. Hitzordua aipaturikoa; gaur (azaroak 27) 18:00etan Sutegi udal liburutegian. Asteazken honetakoarekin, liburutegiak azarorako iragarritako ipuin kontaketa saioen zikloa borobilduko du; aurreko asteetan Pello Añorga eta Lur Usabiaga izan ziren liburutegian.

Literatura topaketa eta usurbildarren uzta abenduan
Abendurako beste bi hitzordu liburutegian. Batetik, abenduaren 4an 19:00etan Sutegi udal liburutegian, Ana Merino usurbildarrak gidatuta erdarazko 14. literatura topaketa ospatuko dute. Luis Sepulvedaren “Un viejo que leía novelas de amor” liburuaren inguruko solasaldia izango da. Liburuaren aleak aurrez eskuratu ahalko dituzue liburutegian.

Bestalde, usurbildarren 2019ko sortze lanak erakusgai jarriko ditu liburutegiak Sutegiko erakustaretoan. Urte honetan zehar herriko sortzaileek kaleraturiko produktuen bilduma egin eta ikusi ahal izango dugu urte amaieran kultur etxeko erakusleihoan.