Movember mugimendua Usurbilen, Dani Iturbe herritarraren eskutik

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 27a, 09:17

Azaroan mundu osoan ospatzen ari dira Movember mugimendua. Prostatako eta testikuluetako minbiziari buruzko kontzientziazio kanpaina, azaroan zehar egingo da Goierrin. Dani Iturbe herritarrak mugimenduari laguntzeko bi itsulapiko jarri ditu Aitzagan eta Bordatxon, gizonezkoen gaixotasunon ikerketan laguntzeko. NOAUA! berarekin izan da mugimenduaren gaineko informazio gehiago biltzeko.

NOAUA! Movember mugimenduaren baitan Goierrin sortu zenuten Moherri. Zertan datza kanpainak?
Dani Iturbe. Gizonen minbiziaren gainean kontzientziatzeko kanpaina da Movember. Gizonoi emakumeei baino askoz gehiago kostatzen zaigu medikuarengana joatea; emakumeak askoz kontzientziatuago daude bularreko minbiziarekin. Normaltzat hartzen dugu emakumeak urtero errebisioa egitera joatea, gizonoi berriz lotsagatik edo, gehiago kostatzen zaigu pauso hori ematea. Errebisioak egitearen garrantzia eta zerbait arraroa ikusiz gero medikuarengana joatea zein garrantzitsua den erakutsi nahi du Movember mugimenduak, eta dirua bildu ikerketarako.

Bibotea eramatea da mugimenduaren sinboloa.
Parte hartu nahi dutenek azaroa osoan bibotea eramatea da helburua ikusgarritasuna emateko. Niri ez zait modu jarraian ateratzen, kimioarekin duela gutxi amaitu dut, eta oraindik ongi denera zabaldu gabe dago, baina haziko da. Goierrin bibotea txukuntzen diete nahi duten gizon guztiei ileapaindegietan, denek aukera izan dezaten parte hartzeko. Ordizian jende asko animatu da parte hartzera, eta urtez urte gehiagora doan ohitura bilakatu da.

Usurbilen ere itsulapikoak jarri dituzue Aitzagan eta Borda- txon.
Bai, bi taberna horietan izango du aukera jendeak dirua emateko mugimenduaren alde.

Lortutako dirua zertara bideratzen duzue?
Azken hamabost urteetan, Movember Fundazioak 650 milioi euro bildu ditu. Australian hasitako mugimendua azken urteetan munduko txoko askotara zabaldu da, eta lortu den diru guztiarekin hainbat ikerketa egin ditu. Espainiar Estatuan, Bartzelonan dago Fundazioaren Ospitalea, eta mila gaixorekin egiten du lan. Munduan dauden beste zentroekin informazioa partekatzen dute, ikerketa zabalagoak egin eta lekuan lekukoari konponbideak emateko. Prostata eta testikuluen minbiziaren gaineko ikerketa finantzatzeko sortutako mugimendua da Movember, azken finean.

“Minbizia kasu asko prebentzioarekin ekidin daitezke”
NOAUA! Gizonek minbizia izatea guk uste baino ohikoagoa da. Zuk zeuk ere pasatu berri duzu, ezta?
Dani Iturbe. Ekainean jakin dut jada minbizia gainditu dudala, eta gaitz erdi. Martxoan hauteman zidaten testikuluetako minbizia, handituta neukan nerbio baten bitartez. Azken fasean nengoen jada, ez zen oso goiz harrapatutako minbizia kasua izan. Tumorerik ez neukan, ganglioetara pasata zegoen jada. Kimio gogorra eman zidaten, egunean 7 ordu egon behar izaten nuen sendagaiak hartzen. Gorputza erabat ahulduta uzten du prozesuak; gogorra da. Behin prozesua hasita, segituan esan zidaten sendatuko nintzela, eta halaxe izan da.

Zein da gizonezkoen minbizien egoera egun?
Bi minbizia mota biltzen ditu Movemberrek, testikuluena eta prostatakoa. Urtean, testikuluen 800 minbizi kasu berri atzematen dira Espainian, eta 40 bat baino ez dira hiltzen. Gutxi da beste minbizia batzuekin alderatuta. Asko ikertu dute azken urteetan minbizia hori, eta %5eko heriotza-tasa baino ez du. Prostataren minbiziari erreparatuz, 31.728 kasu berri atzeman ziren aurreko urtean Espainian, eta horietatik 6.061 hil egin ziren. Kasu horretan, minbiziari aurre egiteko aukerak askoz murritzagoak dira, %20ko heriotza-tasarekin. Datu horiek oso kezkagarriak dira. Ideia bat egiteko, futbol partida bat jokatzen denero, gizon bat hiltzen da espainiar estatuan prostatako minbiziagatik; alegia, 90 minuturo bat. Kasu asko prebentzioarekin ekidin daitezke, edota garaiz atzeman behintzat.

Nola ekidin dezakegu horrelako gaixotasun bat garatzea? Zeintzuk dira prebenitzeko ematen dituzten aholkuak?
Urologoan errebisioak egitea beharrezkoa da, eta zerbait arraroa bada ez da pentsatu behar berez pasatuko dela, segituan medikuarengana joatea komeni da. Genitaletako kontuak delikatuak dira, nongo minbizia izan dudan galdetzen didatenean jendea beldurtu egiten da. Gizonkeriak egiten ditugu horrelakoetan, genitalak ezin hobeto daudela esanez. Normalena da ukondoan edo bestelako lekuren batean mina izanda medikura joatea, baina urologora denean lotsa gehiago ematen digu, eta ez luke hala izan behar.