Herrian bizitzeaz gain, herriko saltokietan kontsumitzeko pizgarri anitz urte amaiera honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 27a, 09:35

Bidean datozen urte amaierako ospakizunetarako prestatzen hasiak dira herriko merkatari eta ostalariak. Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen erosketak egiteko pizgarri bat baino gehiago izango duzue asteotan Hurbilagoren eskutik; Gabonetako Zozketa, San Silbestre Herri Lasterketa, Pintxojira, Gabonetako Parke Erraldoia... Guztia, herrian bizi eta kontsumitzearen truke.

Gabonetako Zozketa
Adi; egiten duzuen erosketa bakoitzeko Hurbilagoren Gabonetako Zozketarako txartela jasoko duzue. Zuen datu pertsonalekin osatu eta denda bereko kaxan utzi. Zozketa, abenduaren 31ko Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa amaieran egingo da, frontoian. Herrian erosteko apustua egiten dutenen artean, bi lagunentzako 12 otordu sarituko dira.

Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa
Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritzaren aldeko lasterketa hilaren 31n 17:00etan abiatuko da urteko azken egunean, pilotalekutik. Lasterketarako aurrez saltoki jakinetan izena ematen duten lehen 100 lagunek kamiseta bana jasoko dute opari. Bai aurrez Hurbilagoren dendetan nahiz lasterketa egunean izena ematen dutenek gainera, San Silbestre amaieran egingo den parte hartzaileen arteko zozketan opari gehiago etxeratzeko aukera izango dute.

Gabonetako Parkea
Hau guztia gutxi ez balitz, iaz bezala, Gabonetako Parkea antolatuko du Hurbilagok. Iaz abenduko azken asteburuan izan zen; aurten baita, baina larunbatetik igandera izan ordez, ostiraletik larunbatera, abenduaren 27tik 28ra izango da herri erdiguneko plaza ezberdinetan. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea xede duenez, egokiago ikusi dute sektoreko eragileek dendak irekiak izango diren egunetan izatea parkea. Jolas ezberdinetaz gozatzeko sarrera beharko da. Asteotan Hurbilagoren dendetan egindako 20 euroko erosketa bakoitzeko puntu bat jasoko dute parkean dibertitu nahi dutenek. 10 puntu batuz gero sarrera doan!

Pintxojira
Hurbilago Elkarteak tabernetako giroa ere piztu nahi du urte amaiera honetan, Pintxojira ekimenaren bidez. Lehenengo edizioa abenduaren 14 eta 15eko asteburuan, Aitzagan, Bordatxon, Gurian, Txiribogan eta Txirristran 2,5 euroren truke mokadutxoa, edaria eta zigiluekin osatzen joateko txartela eskuratuko duzue. Taberna bakoitzeko zigilu bat. Bost tabernetan pintxoa eta edaria dastatu eta bost zigilu eskuratuta, seigarren mokadu eta edaria doan!