Euskaraldia

Soziolinguistika Klusterra: “Euskaraldiak hainbat hizkuntza-ohitura aldatzea eragin du”

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 13:05

Soziolinguistika Klusterrak duela urtebeteko ekimenaren eragina aztertu du eta helburua bete dela frogatu du. Uxoa Anduaga Klusterreko ordezkariak luze zabal eman zuen ikerlanaren berri. Azaroaren 6an Potxoenean eskaini zuen agerraldia bideo iruditan jaso genuen.

Erronka bete da. Euskaraldia geure hizkuntza ohiturak astintzera zetorren iaz. “Hainbat hizkuntza-ohitura aldatzea eragin du Euskaraldiak”, eta horrekin batera, “Euskaraldiarekin euskararen gaia plazara atera zen Usurbilen, eta herritarrek erabileraz hausnartu zuten”, Euskaraldia sustatzen ari den herritarren batzordetik azpimarratu dutenez. Ez hori bakarrik, “hein handi batean lortu zen herritarrak jabetzea norberak aletxoa jar dezakeela euskararen normalizaziorako pausoak emateko”.

 

"Bidea urratzeko balio izan du"

Datuak eskutan, dagoeneko bigarren Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den bilguneak iazko edizioaren hausnarketa plazaratu du. Balantze gozoa. “Usurbildar askok parte hartu zuen ekimenean, eta ilusioa eta gogoa hedatu ziren”. Hizkuntza-ohiturak aldatzen hasteko baliagarria izan arren, aldiz “ohitura berri horiek finkatzea” ez da lortu Euskaraldiarekin. Argi denez, “hizkuntza-ohiturak aldatu eta gizarte-aldaketa sustatzea epe luzerako lana” dela jakitun baitira. Honenbestez, Euskaraldiaren estreinako edizioak “bidea urratzeko balio izan du, eta ahaleginetan jarraitu behar dugu”.