Euskaraldia

Soziolinguistika Klusterra: "Gaitasuna handitu ahala, erabileraren bilakaera leunagoa da"

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 13:27

209 lagunek bete zituzten Euskaraldiaren eragina neurtzeko hiru galdetegiak; 189 Ahobizi eta 20 Belarriprestek. Emakumeak eta 35-49 urte artekoak izan ziren galdetegiak gehien erantzun zituztenak. Soziolinguistika Klusterrak galdetegiok betetzeko Usurbilgo herritarrek erakutsitako inplikazioa eskertu nahi du. 

Euskaraldiarekiko motibazio handia edo oso handia erakutsi zuten inkestatuek. Arrastoa utzi du gainera, partaideen hizkuntza jokabideetan. %92tik %95era igo zen euskaraz ulertzen dutenekiko hartuemanak euskaraz egitearen apustua egin zutenen ehunekoa. Inguruan nagusiki euskara entzun zutenak %80 izan ziren.

Norbere hizkuntza erabilerari dagokionean: dena edo erdia baino gehiago euskaraz egiten dutenen ehunekoa puntu bakarra igo da. Eta inguru hurbilarekin nola jokatu dugu? Soziolinguistika Klusterraren arabera, “esparru informaletan (familian eta lagunartean) esparru formaletan (lantokian eta ikaslekuan) baino eragin positiboagoa izan du Euskaraldiak, hiru hilabeteren ostean bertan lortu baita hizkuntza ohitura berriak gehien finkatzea”. Ikaslekuetan izan du eragin gutxien ekimenak.

 

Ikaslekuen kasuan, 7 puntuko atzerakada

Euskaraldiko ikerketaren arabera, “eremu sozial guztien artean familian izan du Euskaraldiak eraginik nabarmenena”. 11 egun igaro berritan bereziki. Hiru hilabetera, familian hitz egindako guztia edo erdia baino gehiago euskaraz egin zutenen kopurua 2 puntu igo ziren, puntu bat lagun artean, 0 puntu lagun artean. Ikaslekuen kasuan 7 puntuko atzerakada (%43tik %36ra) sumatu da.

Datuok gure ingurune sozialari dagozkionak ditugu. Eta ezezagunekin? Lehen hitza euskaraz beti edo ia beti ahotan hartzen dutenen kopurua bikoiztu egin zen Euskaraldia amaitu berritan (aurretik %35a, 11 egunen ostean %75). Martxoan egin zen hirugarren neurketan, %43ra jaitsi zen kopuru hau.

 

Elkarrizketatuen profilaz

Potxoenean egin zen hitzaldiaren amaieran, Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko kideak entzuleen galderak erantzuteko tartea hartu zuen. Inkestak bete zituztenen profilaz galde egin zuten publiko artetik.