2020ko udal aurrekontuak hasieraz onartzeko udalbatzaren osoko bilkura 18:00etan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 10:18

Azaroko azken osteguna gaur (hilak 28), udalbatzaren osoko bilkura 18:00etan. Gai anitz hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek. Tartean 2020ra begirako udal aurrekontuen hasierako onespena, 2020-22 urte arterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Zubietako lankidetza hitzarmena, Aginagako uren saneamendua... Hiru erakunde adierazpen ere bozkatuko dituzte; Azaroaren 25ekoa, Euskararen Egunekoa edota Boliviako estatu kolpeari lotutakoa.

17 puntu izango dituen gai zerrendan erabaki garrantzitsu bat baino gehiago hartzekoa da udalbatza ostegun honetako (azaroak 28) 18:00etako osoko bilkuran. 2020ko udal aurrekontuen hasierako onarpenaz erabaki beharko dute udal taldeek. Gogoan izan, azken asteotan, oposizioko udal ordezkarien nahiz herritar zein eragileen ekarpenak biltzen aritu da udal gobernu taldea azuzo auzo egin duen bilera errondan. 

12,3 milioi izango ditu Usurbilek 2020ko erronkei heltzeko. Lau multzo handietan sailkatu ditu udal gobernu taldeak urte berrirako diru partidak: herri jasangarria (3,2 milioi euro),  ongizartea (2,1 milioi euro), herri nortasuna (1,9 milioi euro) eta udala herriaren zerbitzura (4,9 milioi euro). Aurrekontuotatik guztira, 1,7 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Ohi bezala, udal aurrekontuekin batera, urte berriko udal plantilla organikoa eta udal lanpostuen zerrenda ere hasieraz bozkatuko ditu udalbatzak. Kontu ekonomikoei lotuta, beste erabaki garrantzitsu bat hartzekoa da udalbatza; hasieraz onartu asmo dute osteguneko saioan, 2020-22 urte arterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. 

Aginagako urak eta Zubietako lankidetza hitzarmena
Gai gehiago ere ahotan hartuko dituzte; ur zikinen tratamenduen sarera batzea falta den Aginaga inguruneari lotutako erabaki bat. Añarberen eta Udalaren arte hitzarmena, "Aginagako saneamendu obren goi- eta behe-sistema zehazteko". 

Bestetik, Zubietari Usurbil zein Donostiako Udalek eskainitako obra eta zerbitzuen harira bi erakundeok eta Herri Batzarrak adostu eta onartua duten lankidetza hitzarmenean urrats berri bat emango du udalbatzak; hitzarmen honi jarraipena egingo dion batzordeko kideak izendatuko dituzte.

Azaroak 25
Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari lotuta, Usurbilgo Udalak borroka feministaren aldeko konpromisoa berresten duen EHBilduren erakunde adierazpena onartzekoa da gaur.

Ez da saio horretan bozkatzea aurreikusia duten erakunde adierazpen bakarra izango; Euskararen Egunari edota Boliviako Estatu Kolpeari lotutako adierazpenak ere onartzekoa baita udalbatza. 

UDALBATZAREN OSOKO OHIKO BILKURA
Eguna: azaroak 28, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.-2019/10/17ko ezohiko bilkurako aktaren onespena.
2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2019ko urriaren 21etik azaroaren 22ra (2019/0892-2019/1004).
3.-Udal ordezkaritza San Marko Mankomunitatean. Aldaketa.
4.-Zubietako eremuan exekutatutako obra eta zerbitzuen inguruan sinatutako lankidetza hitzarmena. Jarraipen eta kontrol batzordeko kideen izendapena.
5.-Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2020-2022. Hasierako onespena.
6.-2020ko Udal Aurrekontu proiektua. Hasierako onespena.
7.-2020ko Plantilla Organikoa. Hasierako onespena.
8.-2020ko Lanpostuen zerrenda. Hasierako onespena.
9.-Usurbilgo Udaltzaingoaren Erregelamendua. Hasierako onespena.
10.-Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmen markoa.
11.-Añarbeko Uren Mankomunitatearen eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena, Aginagako saneamendu obren goi- eta behe-sistema zehazteko.
12.-Zakurraren eraso eta eragindako lesioengatik zigor espedientea.
13.- Hainbat udal espedienteren suntsitze prozedura.
14.-Adierazpen Instituzionala: Azaroak 25.
15.-Adierazpen Instituzionala: Boliviako Estatu Kolpearen aurrean.

16.-Adierazpen Instituzionala: Euskararen Eguna.
17.-Galdera-eskaerak.