Txosna Batzordearen jaietako erronken aurkezpen saioarekin abian gaur, Gazte Egunera begirako ekimenak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 10:02

Txosna Batzordeak ostegun gau honetarako (azaroak 28) 22:00etan Potxoenean iragarri duen "Erronka berriak herriko jaietan" aurkezpen solasaldiarekin abiatuko dira Aztarrika Gazte Asanbladak larunbateko Gazte Egunari begira iragarri duen ekimen sorta.

Ikasturte hasiera biziki mugitua iragarri du Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak, egunotarako antolatu duen Gazte Egunarekin. Edizio hau zikloan bilakatu dute. Ekitaldien egun nagusia azaroaren 30a izango den arren, aurrez hausnarketara nahiz proposamen bilketara bideraturiko bi saio antolatu dituzte Potxoenean.

Herri eragile gehiagorekin elkarlana sustatu nahi izan dute aurtengoan eta hortik sortu da lehen hitzordua; herriko jaietako Txosna Batzordeak festetako aurrera begirako erronkez jardungo du hilaren 28an Potxoenean. “Aurkezpen moduko bilera izango da, jai ereduen inguruko lanketa egin eta hausnartzeko”, Aztarrikak iragarri duenez.

Bigarren saioa, ostiralekoa, gazte asanbladari buruz hausnartzeko izango da, bereziki gazte belaunaldi berriari zuzendua. Gazte Eguna ezin une aproposagoa iruditzen zaie “saretze bat emateko”. Gazte asanbladako kide izateari buruz ariko dira. “Jaietan gazte berri asko ikusi ditugu. Gazte berri dezente izan ditzakegula espero dugunez, bat baino gehiago herri eragile baten parte izango dira lehen aldiz. Gazte asanbladan ibili garenok gure esperientzia partekatuko dugu. Beraiek zer espero eta nahi duten horretan oinarrituko dugu saioa”, gazte asanbladakoen esanetan. Gonbita beraz, belaunaldi berriari. “Gogotsu dauden gazte berriak anima daitezela etortzera. Gazte berrien kezkak entzun nahi ditugu”. Hausnarketa saio horretan bildutako ekarpenak aintzakotzat hartuta, hurrengo hilabetetan landu ditzaketen gaien urteko plangintza osatzera igaroko dira Gazte Egunerako iragarri duten lehen hitzorduan.

Espazio eroso bat sortzea helburu
Kide berriak erakarri eta gazte asanblada bera egonkortu nahi dute. Harremantzeko eta elkarlanean gazteen kezketatik abiatuta kezka edo arazo hauek lantzeko espazio ireki eta eroso bat sortzea herri eragile desberdinekin saretuz, gogorarazten dutenez borrokan jarraitzeko, “gazteok harremantzeko eta ekimenak antolatzeko espazio beharra badugu eta herrian”. Espazioon faltan, lokaletarako joera nagusitzen da eta horrek “getoak sortzea dakar, herri girotik isolatzea”. Hori ekidin nahi dute.

Beste eragile batzuekin saretze lana egite aldera Gazte Egunez iragarriak dauden Euskararen Eguneko ekitaldietako bat ere haien egitarauan txertatu du gazte asanbladak; herriko artixten emanaldia. Aurrez Dj ibiltari batekin kalejira abiatuko dute “gazte guztiok, denok batera” Askatasuna plazatik. Bidean zehar, frontoian egongo den Euskaraldiari lotutako euskaltzaleen sarean bizipen eta desioak txertatu asmo dituzte. Eta abiapuntu izango duten plaza berean, herriko sortzaileek eskainiko duten ikuskizuna hasiko den unean amaituko dute kalejira.

Eraso sexisten aurkako ekimenak
Herriko artixten emanaldiaren ondotik parranda giroan murgilduko dira Askatasunan bertan antolatu duten afarian eta afalosteko kontzertuen eskutik. Parranda girorako, jaietan egin bezala, talde feministak eraso sexisten aurkako bi ekimen jarriko ditu martxan; batetik besoko morea eramango dute 10 bat lagunek. Erasorik gertatuko balitz, besoko morea duten lagunongana gerturatu ahalko da, eta erasoen markagailua jarriko dute. Bi astean behin Potxoenean biltzen diren kafe tertuliako kideek landu dituzte ekimenok gazte asanbladarekin, Gazte Egunera begira. Taldeak herri mailan duen indarra nabarmentzen du gazte asanbladak.

Iaz plazaratu eta aurten berriz salgai izan dituzten Aztarrikaren kamisetak soinean jantzita festa giroan murgiltzera deitzen du gazte asanbladak. “Ez izan lotsarik, etorri Gazte Eguneko ekimenetara”, luzatu dute gonbita Aztarrikako kideek.

GAZTE EGUNA
Azaroak 28, osteguna
22:00 Txosna Batzordearen eskutik, "Erronka berriak herriko jaietan" solasaldia Potxoenean.

Azaroak 29, ostirala
21:30 "Aztarrikarrak: zer da gazte asanbladako kide izatea?" solasaldia Potxoenean.

Azaroak 30, larunbata
11:00 "Usurbilgo gazteria aztarrika! Urteko asmoak finkatzen" Potxoenean.
18:00 Dj ibiltaria, Askatasuna plazatik abiatuta.
19:30 "Usurbildarrak daukate" herriko artixten emanaldia Askatasuna plazan.
21:00 Gazte afaria: txartelak Aitzagan salgai.
23:30 Kontzertuak Askatasuna plazan: Iñorkiñak, Egurra ta Kitto, Gora Etorri eta Dj. Baxur.

Antolatzailea: Aztarrika.