Europako Parlamentuak klima larrialdi egoera deklaratu zuen egun berean piztu zuten probaldi fasean Zubietako erraustegia. Ke zutabe ikaragarria ikus zitekeen duela 24 ordu Zubieta gainetik. Sare sozialetan kezka eta haserrea eragin zuen eta kezka zein haserrea Usurbilgo Udaleraino heldu zen. Hau guztia gertatu zen ostegunerako, atzorako alegia deitua baitzegoen udalbatzaren osoko bilkura.
Zubieta gaineko egoera ikusita, gai zerrendan txertatua ez zegoen mozioa aurkeztu zuen urgentziaz EHBilduk plenoan. Udal ordezkariek tratatu edo ez erabakitzeko bozketan gaiari lekua egiteari aho bateko babesa eman zioten denek. Gerora sortu ziren desadostasunak. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak eskutan Zubieta gainari atzo eguerdian zerio ke zutabe handiaren irudia erakutsi zien oposizioko udal taldeei. Galdera zuzena luzatu zien: "Gu oso kezkatuak gaude. Zuei kezka eragiten dizue honek?" erraustegiko ke zutabea seinalatuz. Baiezkoa jaso zuen erantzun gisa oposiziotik. Bozketa garaian ordea, EHBilduk aurkezturiko mozioaren aurka agertu ziren EAJ eta PSE.
Honela dio atzo udalbatzak onarturiko mozioak bere osotasunean:
EHBilduren mozioa
Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri dute probaldi fasean Zubietako errauste-plana. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Tamalez, gaurkoa egun beltza eta tristea da, usurbildarrontzat. Zubieta gainetik egun osoan zehar ikusi dugun ke etengabea da horren adierazgarri.
Diogun bezala, gaurko egunez, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratzeko ebazpena onartu du, eta ekintza zehatzak egiteko eskatu die Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei. Gipuzkoako instituzioak, haatik, bistan da kontrako norabidean ari direla. Gaurko irudiak dena esaten du. Eta, tamalez, biharkoak, etzikoak, etzi damukoak... hala erakutsiko du, honi konponbiderik eman ezean.
Eta, konponbidea egon, badago, usurbildarrok erakutsi dugun bezala. Usurbildarrok erakutsi dugu osasuna eta ingurumena aintzat hartuz, posible dela hondakinak kudeatzea. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte usurbildarrok, eta, gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusik. Eta, zorionez, asko dira bide hori hartu duten Gipuzkoako herriak. Usurbil eredu da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Eredugarritzat dute Usurbil 0.0 hiri hondakinak kudeatzeko udal honen plangintza. Kanpoan eredu dena, hemen zergatik ez?
Gainera, adituek diote gaur egun Gipuzkoan birziklatzen denarekin, eta, are, Diputazioak berak PIGRUG berrituan ezarri dituen birziklatze-helburuak aintzat hartuz, Gipuzkoak ez duela errauste-plantarik behar.
Munduan erreferentziazkoak diren hainbat erakundek, errauste-plantek jendearen osasunean eragiten dituzten kalteez ohartarazten gaituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazpen hauei jaramonik egin ez, eta Usurbilgo herritarrei batere azalpenik eman gabe proiektuarekin aurrera jarraitzeko erakutsi duen jokabidea larria iruditzen zaigu.
Osasuna gauza serioa da. Eta zentzu horretan, errauste-planta, gure baliorik preziatuenaren aurkako mehatxutzat bizi dugu usurbildar askok.
Kezkatuta gaude, bai. Horregatik, EHBilduk, honako hau eskatu nahi dio Usurbilgo udalbatzari, urgentziazko mozio honen bidez,
1) Erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusiari biltzeko eskaera luzatzea.
2) Alkateari eskatzea Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidal diezaiela, non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien.
3) Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu.
4) Usurbilgo Udalak dei egiten die usurbildar guztiei abenduaren 13rako antolatuko duen manifestazioan parte hartzera. 19:00etan, Joxe Martin Sagardiaren plazan.
Usurbilgo EHBildu