Aske behar zuten baina gugandik 600 kilometrora preso dituzte Valentziako Picassenteko espetxean, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Haiekin da Xua alaba ere. Urtarrilaren 19an 3 urte beteko ditu ordea eta gurasoengandik bereiziko dute. Halakorik gerta ez dadin eta hirurak etxeratuak izan daitezen lanean dabil Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.
Hitzordu edo ekimen bat baino gehiago iragarri dituzte urte amaierarako.
Manifestuak 1.600etik gora atxikimendu
Xuarekin bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatzeko manifestua kaleratua du aipatu herri ekimenak. Ostiral goiz honetarako jada 1.620 atxikimendu bilduak zituzten. Zuen sinadura esteka honetan eman dezakezue: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
Arartekotik Batzar Nagusietara
Herritar, eragile eta erakundeen babesa jasotzen ari da Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Orioko eta Usurbilgo udalbatzena, eta azken egunotan baita Arartekoarena. Herriaren defendatzaile lanak egiten dituen Arartekoarekin bildu ziren joan den ostegunean aipatu herri bilguneko ordezkariak, tartean, Xuaren amona Mari Karmen Anza. Herri ekimenak bere dinamika aurkeztu zion Arartekoari. "Arartekoak arreta handiz entzun ditu azalpenak eta, horrelako aferetan berezko eskuduntzarik ez izan arren, bere esku dagoen guztia egingo duela agindu die. Gizatasunagatik eta umearen hobebeharra lehenetsita, erabakiak hartzea dagozkien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prestutasuna agertu du".
Arartekora soilik ez, erakunde gehiagotara jotzeko asmotan dira; bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara, baita Gasteizko Legebiltzarrera ere.
Manifestazioa abenduaren 28an
Eta orain arte bezala, hilero azken ostiraletan 20:00etan Mikel Laboa plazan mobilizatzen segiko dute, Xua gurasoekin etxera ekarri arte. Mobilizazio bereziak ere izango dira hurrengo asteotan; tartean, abenduaren 24ko gabonetako kantu-jiran. Urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazioa girotzeko Sarek ere manifestazio bana deitu du Hego Euskal Herriko hiriburuetan abenduko azken asteburuan. Donostiakoa hilaren 29an 12:00etan Bulebarretik. Gipuzkoako hiriburukoan Xua eta gainerako motxiladun umeen eskubideen aldekoa izango da, Xua gurasoekin etxera ekartzea galdegiteko hitzordua.
Material salmenta
Herri ekimena irudikatzen duen ixa handia soinean jantzita eramateko gonbita ere luzatua du ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. Kamisetak edota ixa handidun pegatinak saltzeko nahiz manifestua sinatzeko postua jarri dute hilabeteotan eta hurrengo asteotan ere gauza bera egingo dute.
Informazio gehiago:
Twitter: https://twitter.com/EtxeraXua
Facebook: https://www.facebook.com/xuagurasoekinetxera/
Instagram: https://www.instagram.com/xuaetxera/?hl=es