Euskararen Eguna

Pailazoak eta dantzariak, bat eginik

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ikuskizun berri bat aurkezten ari dira egunotan: "Bizi dantza". Gaur eguerdian Oiardo kiroldegian eskaini duten emanaldian, Orbeldi Dantza Taldeko gaztetxoek hartu dute parte. 

Astebete lehenago amaitu ziren sarrera guztiak. Hala ere, emanaldia hasi baino ordubete lehenago ilara osatzen hasia zen Oiardo kiroldegian. Toki onena hartu nahian edo. 

Pailazoak urtero-urtero etortzen dira garai honetan Usurbil aldera. Honakoan baina, Argiaren Lagunak taldearen ordez, NOAUA! Kultur Elkarteak hartu du antolaketaren ardura bere gain. 

 

Orbeldi Dantza Taldearen partehartzea

"Bizi dantza" ikuskizuna eskaintzera hurbildu dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Zaletuak alde izan dituzte lehen unetik. Izenburuak dioen bezala, pailazoen emanaldi berriak dantza du hizpide. Tokian tokiko dantza taldeak gonbidatu ohi dituzte oholtza gainera eta gaurkoan Orbeldi Dantza Taldeko kideak izan dira "Bizi dantza" emanaldiko protagonista nagusiak. Hiruzpalau dantza saio eskaini dituzte.