Euskararen Eguna

Euskaraldikoen manifestua: "Jalgi hadi gehiago, gehiagorekin, gehiagotan!"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 3a, 09:06

Mugimendu euskaltzalea indartzeko deia egin dute Euskaraldiko lagunek, 60 urte bete dituen Euskararen Nazioarteko Egun honetan. Adierazpena plazaratu zuten gaurko, joan den asteburuko Herriko Artixten Taldekoen emanaldian. Euskararen aldeko defentsa onena erabiltzea dela gogorarazten dute; "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea". 

"Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Etxepareren aldarria gogoan, mugimendu euskaltzalea indartzera deitzen zaituztegu: gazteak, helduak eta adinekoak, emakumeak nahiz gizonezkoak, esku-langileak, irakasleak, unibertsitariak, zaintzaileak, euskara ikasten ari zaretenak, belarriprestak eta ahobiziak... Bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin: norbere aukera eta gaitasunen arabera".

Hortxe Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordetik abenduaren hirugarren honetako Euskararen Nazioarteko Egunaren harira plazaratu duten manifestua. Kike Amonarrizek idatzitakoa, joan den larunbat iluntzean ezagutarazi zuten, Herriko Artixten Taldeak Askatasuna plazan eskaini zuen emanaldi amaieran. 

Bigarren Euskaraldia, inoiz emandako urratsik handiena izateko erronka
Indarrak metatzeko  deia egiten dute. "Auzoz auzo, herriz herri euskararen aldeko dinamikak piztu eta sustatzen baditugu, Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat eraiki ahal izango dugu. Guretzat eta hurrengo belaunaldientzat. Horixe da guretik munduari egin geniezaiokeen ekarpenik ederrenetako bat. Jalgi hadi plazara. Habil mundu guztira!".

Etorkizuna irabazteko indarrik handiena gugan dagoela gogorarazita, euskara ahotan hartzera deitzen gaituzte. "Euskararen aldeko defentsarik onena erabilera da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Euskara jalgi hadi plazara! Eta euskara pozarekin eta atseginarekin lotzea. Euskara jalgi hadi dantzara!".

Testuinguru horretan kokatzen dute, jada prestatzen hasiak diren bigarren Euskaraldia; 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dena, "sakonagoa, handiagoa eta zabalagoa izan nahi duen Euskaraldia. Berau euskararen alde inoiz eman den urratsik handiena izan dadila nahi dugu: bere eragina ahalik eta herritar eta entitate gehienetara iritsi eta urteko 365 egunetara zabal dadila. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskaltzaleak batzea, antolatzea eta trinkotzea. Bultza dezagun herriz herri, auzoz auzo euskaltzaleen mugimendua; sortu eta indartu ditzagun euskaltzaleen topaguneak eta Euskaraldiaren herri batzordeak Euskal Herriko txoko guztietan".