Zaku bete ekitaldi dakar urte amaierako Udalaren kultur agendak

Euskararen Egunaren bueltan antolatu diren ekitaldien ondotik, San Tomas Azoka, neguko oporraldiari lotutako aisialdi munduari lotutako hitzorduak eta gehiagoren berri dakar Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen 2019ko azken kultur agendak.

Hitzorduz josia datorkigu urte amaiera Usurbila. Aurrerapen moduan har dezakegu Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen 2019ko azken kultur agenda. Euskararen Egunari lotuta ospatzen ari garen ekitaldien ostean, izango da zer ikusi eta non parte hartua. Adi, zabalik duzue urteko azken Harria Hitz bisita gidatuaz gozatzeko izen ematea; abenduaren 14an izango da. Egun berean ospatuko den Jostailu Erabilien Azokan parte hartu nahi duenak, etxean izan eta erabiltzen ez dituen jolasak prestatzen has daitezke; abenduaren 12an eta 13an izango da bilketa Sutegin.

Izen ematea ere zabaldu berri dugu gaur (abenduak 2) NOAUA!n, abenduaren 15erako antolatzen ari garen San Tomas Azokako babarrun eta sagardo txapelketetarako. Bertako babarruna ikusi eta sagardoa dastatzearekin batera, denetariko postuak, ipuin kontaketa saioa eta gehiago izango dugu bi aste barru frontoian. Azokaren ondotik, abuztuan frontoi atzeko Udarregiren omenezko eskulturan grabatu zuten Rikardo Arregiri buruzko "Zutik" filma proiektatuko da Sutegin.

Gabon giroko hitzorduak
Hortik aurrera, eguberri giroko ekitaldiak nagusituko dira urte amaierara arte. Abenduaren 20an neguko oporraldian murgilduko diren ikastetxeen eskutik gabon kanten kalejirak ospatuko dira azken klase egun horretan. Abenduaren 23an eta 24an herri eragile desberdinek antolaturiko kantu saioek hartuko dute lekukoa; Hurbilagok, Aginagako Antxomolantxa Elkarteak, Santuenea Auzo Elkarteak edota Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak antolaturiko hitzorduekin.

Euskal presoen eta haien senideen eskubideen aldeko bilguneak gainera, motxiladun umeen (tartean Xuaren) egoera salatzeko, abenduaren 28an Donostian Sarek antolaturiko manifestaziora joateko deia egin du.

Haurrak aipatuta, haur eta gazteentzako ekitaldi eskaintza zabala urte amaiera honetan; Usurbilgo Udalaren Gabonetako Parkea urtarrilaren 2tik 4ra, Gaztelekuak ere ekintza anitz antolatu ditu. Hurbilago Elkarteak, iaz bezala Gabonetako Parke Erraldoia abenduaren 27an eta 28an. Merkatari eta ostalarien elkarteak pizgarri anitz jarri dizkigu urte amaiera honetan, herrian bizitzeaz gain, herrian kontsumitzeko; aipatu parkearekin batera, Gabonetako Zozketa egingo du abenduaren 31n, hain zuzen, egun horretan bertan ospatuko den 10. Hurbilago San Silbeste Herri Lasterketaren ostean. Eta horrekin batera, bi Pintxojira ere antolatu ditu herriko tabernetan abenduaren 14ean eta 15ean, eta hilaren 28an eta 29an. 

Hemen ekitaldi guztion xehetasun gehiago, Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen abenduko kultur agendan: