Euskara plazara atera du kalejiran Udarregi Ikastolak Euskararen Egun honetan. Eraikin gorritik behera, herri gunerantz jaisten ari zirela, saihestu ezina zen ikastolatik bistan duten errausketaren zero gunera begiratzea. Baita gerora, Artzabalgo zelaian buruhandiekin lasai ederrean jolasean zebiltzan artean.
Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantaren tximiniari kea zerion azken hilabeteotan bezala. Baina gai honi lotuta, Euskararen Egun ezberdina ospatu da herrian. Lehenengoa, ofizialki Zubietako erraustegia probaldi fasean denetik. Ostegunean beteko du astea erraustegiak fase berri honetan denetik. Azaroaren 28an abiatu zuten probaldi fasea, ke zutabe ikusgarri batekin. 2020ko lehen hiruhilekoan ehuneko ehunean funtzionamenduan izatea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Xingola beltzak jartzeko deia eta manifestazioa abenduaren 13an
Erraustegia probaldi fasean jarri zuten egun berean urgentziaz mozioa onartu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak eginiko osoko bilkuran. Mozio honetan, besteak beste, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin biltzea, eta herrialdeko alkateei gutun bana bidaltzea eskatzen zen, herritarrei zuzenduriko bi deialdiotan parte hartzearekin batera; etxeko balkoi eta leihoetan xingola beltzak jartzeko gonbita luzatzen du iragan astean udalbatzak onarturiko mozioak eta herritarrak mobilizatzea. Erraustegiaren aurkako manifestazioa deitua du Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako (ostirala); 19:00etan abiatuko da udaletxetik.