Euskararen Eguna

Udal zerbitzuetan jai gaur

Usurbilgo Udalak gorriz seinalatua du Euskararen Egun hau egutegian. Azken urteen antzera, jai eguna dute abenduaren 3a.

Euskal egutegi propioaren aldeko isla argia gaur jaso ahal izan dugun irudia. Abenduak 3 ditu gaur, Euskararen Eguna bizitzen ari gara. Ez da ohiko asteartea Usurbilgo udaletxean. Udal zerbitzuetan jai eguna dute gaurkoan. Azken urteotako ohiturari eutsiz, itxita aurkitu ditugu Potxoenea, udal erregistroa edota Sutegi udal liburutegia. "Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, liburutegia itxita egongo da egun osoz. Abenduaren 6an, Konstituzio egunean, liburutegia irekita egongo da egun osoz. Abenduaren 7an liburutegia itxita egongo da", zioen oharra eseki dute liburutegi atarian. Ondoan, abenduko egutegia, hirugarren egun hau gorriz seinalatua. 

Oiardo Kiroldegia goizean zabalik zen, baina jai egunetako ordutegian da gaurkoan. Honenbestez, arratsaldez itxita izango dute. Kiroldegiak ere sare sozialen bidez atzo gogorarazi zien erabiltzaileei, " gogoratu, #kiroldegia goizetik bakarrik egongo da irekita (9:00-13:30). Euskararen egun zoriontsu bat izan dezazuela!".

Euskararen Egun honetan jai egin dute udal zerbitzuek; aldiz, Espainiako Konstituzio egunez ohiko lan eguna izango dute.