EROskopoa

Abenduko eroskopoa

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 1a, 17:47

Puntapaxeko sorginak egindako EROskopoa hasi gara argitara ematen NOAUA! astekarian. Aurrerantzean, hilean behin idatziko du gurean. Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu horoskopoko irudiak.

ARIES: Ez duzu aukeratu hilabete ona dietan jartzeko. Turroi eta gozo guztiei ihes egiteko egin beharko duzun ahalegina haiek ez jatea baino handiagoa da. Hileko aholkua: utzi urtarrilerako kezkak eta jan lasai polboroiak!

TAURUS: Arriskuz betetako hilabetea izango da zuretzat. Lanean/familiako lagun-ezkutuak amorrua eta haserrea ekarriko dizkizu. Hileko aholkua: ez okurritu kulero, galtzontzillo edota galtzerdirik oparitzea!

GEMINI: Gabonetako oporrak gainean izango ditugu segituan eta denbora kudeatzen ikasi behar duzu, arrisku handia dagoelako oporretatik orain baino nekatuago bueltatzea. Hileko gomendioa: muxarrak bezala lo egin.

CANCER: Gabonek zuretzat sorpresa bat dute gordeta. Bietako bat: amodio zoragarri bat bizitzeko aukera izango duzu, edo jasanezina egiten zaizun lehengusu hori etorriko da zure etxera oporrak pasatzera. Hileko aholkua: ziurrenik bigarrena gertatuko da.

LEO: Badakigu Durangoko Azokan kulturista itxurak egitea gustuko duzula, baina ez gastatu diru guztia inoiz irakurriko ez dituzun liburuak erosten. Hileko aholkua: gabonetako opari, laneko bazkari eta poteoentzat sosak gorde, ez dakizu eta extra jasoko ote duzun!

VIRGO: Zure sexualitateak goia joko du hilabete honetan. Baliatu ezazu grina hori guztia sormena erabiltzeko. Hileko aholkua: Olentzerori jartzen dioten aterpea aukera kitzikagarri bat izan daiteke maitasun enkontru baterako. Baina nik ez dizut ezer esan, ados?

LIBRA: Ez dirudi hilabete honetan (ere) zure laranja erdia aurkituko duzunik. Ahaztu kontu horietaz eta saiatu zozketekin, badakizu eta zer dioten: “dohakabekoa maitasunean, zorionekoa errifetan”. Hileko aholkua: beti geratuko zaizu turroia.

SCORPIUS: Oraindik ez zara konturatu errealitatea ez dela kolonia iragarki bat? Burua ilargian duzu eta horrek izugarrizko desoreka sortzen dizu. Hankak lurrean jartzeko garaia da. Hileko aholkua: Igo ezazu Andatza 7 aldiz hilabete honetan.

SAGITARIUS: Kontuz! Diruak erraz ihes egingo dizu. Gabonetako gastuez gain, gogoratu datorren urtean ezkontza pilo batera joan behar duzula eta 150 euroez gain, erropa eta abar erosi beharko dituzula. Hileko aholkua: jarriozu giltzarrapoa diru-zorroari.

CAPRICORNIUS: Gabonetako oporretan deskantsatzea komeni zaizu; familiako otorduek, poteoek eta seme-alabekin egin beharreko planek uzten badizute. Hileko aholkua: hobe duzu oporrik ez hartzea.

AQUARIUS: Aurtengo asmo onak alde batetara geratu dira eta 2019an ez duzu kiroldegiko txartelik estreinatu ere egin. Izan zaitez zure buruarekin zintzoa. Hileko aholkua: ez ordaindu datorren urteko kuota.

PISCIS: Abenduan katarroa harrapatzeko aukera handia duzu, Venus eta ilargia lerrokatuta dituzulako, lurraren errotazioa 23,5 gradutakoa delako.... baina batez ere hotz egiten duenean ez duzulako txamarrik janzten! Hileko aholkua: klinex batzuk erosi.