Euskararen Eguna

Usurbilgo sortzaileak, 54. Durangoko Azokaren atarian

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 3a, 18:31

Ostegunean zabalduko ditu ateak 54. Durangoko Azokak. Herri ordezkaritza zabala izango da bertan. 

Argazkilari, marrazkilari, idazle eta musikari usurbildarrak aurkituko dituzue abenduaren 5etik 8ra ospatuko den 54. Durangoko Azokan. Haiek eta haien sortze lanak. Aurkezpen ekitaldi bat baino gehiago antolatu diete usurbildarrei egunotarako Landakon:

54. DURANGOKO AZOKA
ABENDUAK 5, OSTEGUNA
11:30-12:00 Ahotsenea Solasaldiak: Yolanda Arrieta, “Atâria”: “Zientzia-fikziozko eleberria gazteentzat Askatasuna, Identitatea, Memoria, Utopia”.

16:20-17:00 Ahotsenea Zuzenekoak:
“Zabulutaka”. “Gaur egun Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak eta Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute OREKA TX taldea. Parte hartu izan duten festibaletako ikuslegoa musika tresna honen ikusgarritasunak txundituta geratu izan da, baita taldeak jotzerakoan duen energiagatik ere. Bost kontinenteetako tauletan jo eta txalaparta gure mugetatik kanpoko ikuslego eta espezializatutako komunikabideen artean ezagutzera eman dute. Musika ezberdinekin fusionatzeaz gain, diziplina ezberdinak uztartzea ere dute dibertimentu, bai dantza, zein zirko, ikus-entzunezko, herri kirol eta pizgarri den edozein elementurekin ikuskizunak eraikitzea dute xede, hainbat eta hainbat kolaboratzaile zoragarrirekin batera”.

17:00-17:40 Ahotsenea Zuzenekoak: “Iñorkiñak”. “Usurbilen sortutako taldea, herriko ekitaldi desberdinetarako elkartzen zen lagun talde bat izatetik beraien kantu zerrenda propioa osatu eta diska grabatu duen taldea dira orain. Trikitixa doinu freskoak pop, rock, country edota rap ikutuak dituen diska da lehenengo hau”.



ABENDUAK 6, OSTIRALA
13:00-13:30 Ahotsenea Solasaldiak: "Berri Txarrak, Harkaitz Cano, Ibai Arrieta eta Eider Iturriaga". "Berba eta irudia. Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte mundu mailako biraren ondoren etenaldi mugagabea egingo zuela iragarri zuen. Ibai Arrieta eta Eider Iturriagak bira hau barru-barrutik bizitzeko aukera izan dute eta bizitakoa argazkitan jaso dute. Harkaitz Canok hitzak jarri dizkie irudioi".

18:30-19:00 Areto Nagusian:
“111 hostoz eta orriz jantzi”. "Partaideak: Jakoba Errekondo, Harkaitz Cano, Amets Arzallus, Elixabete Garmendia... (kolaboratzaile guztiak zehazteke). Antolatzailea: Argia. "25 urteetan zehar Jakoba Errekondok ARGIA aldizkarian landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluen hautaketa da. 111 artikuluko bilduma egin dute 22 pertsonaia esanguratsuk: A. Lertxundi, M. Lujanbio, H. Cano, I. Borda, A. Arzallus..."



ABENDUAK 7, LARUNBATA
11:00-11:30 Areto Nagusian: “De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el Pais Vasco”.  Partaideak: Joan Mari Torrealdai eta Martin Anso. Antolatzailea: Txertoa. "Garai frankistan eta euskarazko liburuek jasandako zentsuran oinarritutako liburua aurkeztuko digu Joan Mari Torrealdaik".

14:00-14:30 Ahotsenea Solasaldiak: Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga. "Landareak lantzen 2020".
"Baratzean, fruitu arboletan, lorategietan, basoan noiz zein lan egin? Erein, landatu, inausi, tratatu, uztak jaso, txertatu... Zein urte garaitan egin behar da lan bakoitza?. Izan ere, zenbat lan! Hemen duzu urte osoan egin beharreko lanen egutegia, sasoi bakoitzari, hilabete bakoitzari eta ilargialdiari lotuta. Era berean eta gure lanak ikasteko bide izan ditzagun, lan bakoitza noiz eta nola egiten dugun jasotzeko aukera ematen du gida honek. Zenbat aldiz gertatu zaigu: hazia nondik ekarri genuen ahaztu edo noiz erein genuen edo zein ongarri eman genion ez gogoratzea... Ikasteko bide onena egindako lan guzti-guztiak ahal den eta zorrotzen jasotzea da. Jaso eta ikasi. Aurtengo gaia: zuhaitzak".

16:30-17:00 Areto Nagusian: "2020ko ilargiaren egutegia": Partaideak: Pello Zabala eta Jakoba Errekondo. Antolatzailea: Argia.
"2020ko ilargiaren egutegiaren aurkezpena eta ilargiaren eraginaren azalpena. Pello Zabalak eta Jakoba Errekondok aurrez aurreko kontsultategia jorratuko dute ikusleen galderak eta zalantzak argituz".

17:00-17:30 Ahotsenea Solasaldiak:
Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe. "Joana Maiz".
JOANA MAIZ komikiaren/nobela grafikoaren aurkezpena. Egileak Yurre Ugarte gidoilaria eta Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria dira.



ABENDUAK 8, IGANDEA
12:30-13:00 Areto Nagusian: “Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko” argitalpenaren aurkezpena. Garazi Lizaso Manterolak eta Oidui Usabiaga Arruabarrenak parte hartu dute.
Zehaztasunak: “Esku artean duzun liburu hau, gaur egunean, aktibismotik zein akademiatik, emakume espetxeratuek bizitzen dutena azaleratu nahi duten ikerlanen bildumatxo bat da, espetxe-sistemak haiengan dituen eraginen ingurukoa. Hainbat lan eta ikuspegiren arteko elkarrizketa bilatzen saiatu gara, argi-izpi ezberdinak ekartzeko asmoz, kartzeletako barrunbeetako zenbaitez ohartu eta hausnartzen jarraitzeko. Izan ere, eztabaida sustatu, gogoeta kolektiboa bultzatu eta gizartean gaia azaleratzen segitu nahi dugu, betiere analisi feminista bidelagun izanik. Askotariko iritzi eta ikusmoldeak topatuko dituzu hemen; espetxe-sistemaren izaera diskriminatzailetik hasiz, itxialdiari aurre egiteko emakume espetxeratuek dituzten erresistentzia-mekanismoekin jarraituz, euskal gatazkaren testuinguruko hainbat esparru jorratu eta emakume presoekin zuzenean lanean dauden profesionalen hainbat ekarpen jasotzeraino. Momentu aluzinagarria aipatzen du Eva Forestek espetxetik idatzitako gutunetan; horri buruz hitz egin eta kontatzearen beharraz mintzo da. Espetxea, tortura, errepresio-sistema… bizitzea egokitu zaien pertsonen alboan egon gaitezen, bestelako egitura batzuk amestu ditzagun. Ziur aski, ezin da kartzelaz idatzi barruan egon gabe. Baina doazela argi-izpi batzuk, elkarren berotasuna senti dezagun, momentu batez bada ere".

Azokaren ordutegia: abenduaren 5etik 8ra, 10:30-20:00 artean.
Informazio gehiago: durangokoazoka.eus