Udalbatzarra

Udal artxiboko leku falta tarteko, balioa galdu duten espediente hainbat suntsituko dituzte

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 10:33

Udal artxiboan duten espazio falta eta segurtasun neurrien gabeziari aurre egin nahi diote neurri honekin. Balioa galdu duten artxiboak dira suntsituko dituztenak.

Hala onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran, EHBildu eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Udaletik ezinbestekotzat jo dute neurri hau. "Usurbilgo udal artxiboak bi arazo larri ditu, toki falta eta segurtasun neurriak ez betetzea". Arazook eragin nabarmena dute; "aspaldian ez da dokumentazio berririk hartzen". 

Horregatik, udal artxiboko edukia xahutzen hastera doa Usurbilgo Udala, bertan duten toki faltari eta segurtasun neurri gabeziei aurre egiteko. Abiatzera doan prozesua Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak ezarritako irizpideekin, gardentasunez eta prozesuan erregistro eta kontrol zehatza bermatuz egingo dute.

Balioa dutenak, betiko gordeak
Lehen fasean, Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (44 kutxetan jasotako 834 espediente) eta oinarrizko errentaren laguntza eskatzeko espedienteak (259, 15 kutxetan jasoak daudenak) xahutuko dituzte. Udaletik argitzen dutenez, suntsituko diren dokumentuak, jaso zirenean zuten balioa galdu dutenak izango dira. "Espedienteek etorkizunean balio informatibo edo historikoa badute, betirako gordeko dira, bestela, xahuketa bidez aterako dira artxibotik edo udal departamentu desberdinetatik".