Udalbatzarra

Antolaketa berrituko du Udaltzaingoak

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 09:56

Gasteizko Legebiltzarrak emandako urratsaren ildotik, Udaltzaingoaren antolaketa araudia aldatzea onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran.

Gasteizko Legebiltzarrak onarturiko Euskal Poliziari lotutako legedi berriak Usurbilgo udaltzaingoaren antolaketaren araudia aldatu beharra ekarri du. Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, lehen agentearen figura berri bat sortzea hain zuzen. Honenbestez, udaltzainburua, lehen agentea eta udaltzainak, hurrenkera horretan geratuko da antolatua udaltzaingoa. Aldaketa gehiengo osoz onartu zen EHBildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin azaroa amaierako osoko bilkuran. PSE abstenitu zen. Hasieraz onarturiko araudi berria 30 egunez jendaurrean izango da ikusgai. Tarte horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onartutzat joko da.

Ertzaintzarekin elkarlana berritzea
Azken osoko bilkuran gainera, Ertzaintza eta Usurbilgo Udaltzaingoaren arteko elkarlanari jarraipena emateko hitzarmena berritzea onartu zuen udalbatzak EHBildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin. PSE abstenitu zen. Hitzarmen berritzearekin, zaharkitua zen komunikazio Tetra sistema berritu nahi dute baita.