11 eguneko ariketa kolektiboa egin genuen iazko Euskaraldian. 2020ra begira konpromisoa berritu eta indartzeko garaia dugun honetan, ez ahaztu euskara urtean zehar, egunerokoan, noiznahi ahotan hartzeko aukera gehiago badirela; Mintzalagun egitasmoari esker esaterako. Astean ordubetez, euskara ikasi edo hobetzen ari diren bidelariak eta euskara menderatzen duten bidelagunak batzen ditu ekimenak taldeak erabakitako plan ezberdinen bueltan. Egiten dena egiten dela, helburua euskara ahotan hartzea da. Parte hartzeko gutxieneko euskara ezagutza izatea baino ez da eskatzen. Harreman sare berria sortzea ahalbidetzen du, ekintza irekietan parte hartzeko aukera eskaintzen du eta opari edota deskontuen gisako abantaila gehiagoz gozatzeko bidea ematen du baita.
Noiznahi izena emateko aukera
Aurtengo kanpainaren leloak dioen moduan, “11 aukera deu euskaraz praktikatu eta bizitzeko”. Usurbilen, Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak sustatzen du ekimena. Urtean zehar noiznahi eman daiteke Mintzalagunerako izena aipatu hiru eragileotako batengana jota. 2020an 10 urte beteko ditu Mintzalagunek; urtemuga ospatzekoak dira ekimen honen sustatzaileak. Informazio gehiagorako:
Euskaltegian, Potxoenean edo NOAUA!n
607 609 379 / 943 360 321
mintzalagun.blogspot.com
usurbil@aek.eus
Facebook: Mintzalagunak Gara