Durango, usurbildarren azoka ere izan da

Euskal kulturaren plaza nagusia izan dugu 120.000 bisitari erakarri dituen Durango, igaro berri den asteburuan. Usurbildarrena ere bai; herritarren sortze lanen eta sortzaileen topagune izan da Landako azken egunotan.

Iñorkiñak taldeko kide Mikel Alkortaren Facebook-en kontutik jaso dugun albiste honi atxikitako argazkia duzue horren lekuko. Durangoko 54. Azokako postu berean batu ziren, Natali, Iñorkiñak eta Joseba Tapia. Sortze lan gehiago ere eskuragarri izan dira egunotan bertan. Nobedadeen aurkezpenetan ere parte hartu dute herritarrek; Yolanda Arrietak "Ataria" lan berriaren nondik norakoen berri eman zuen. Berdin egin zuen Iñorkiñak musika taldeak. “Zabulutaka” saioa eskaini zuten, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa kudeatzen duten Oreka Tx taldeko kideek.

Berri Txarrak taldeak azken urtean eginiko biran Ibai Arrietak Eider Iturriagarekin batera ateratako irudi bildumarekin osaturiko argitalpena ere plazaratu zuten. Baita Joan Mari Torrealdaik kaleratu berri duen “De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el Pais Vasco” liburua ere. "Joana Maiz", Yurre Ugarterekin elkarlanean argitaratu duen Joseba Larratxeren komiki lan berria ere aurkeztu zuten.

Azokaren itxiera egunean, “Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko” talde lanean bideratu den argitalpenari buruzko solasaldia ere izan zen. Egitasmo honetan bi herritarrek parte hartu dute; Garazi Lizaso Manterolak eta Oidui Usabiaga Arruabarrenak.

“111 hostoz eta orriz jantzi” argitalpenaren aurkezpena Usurbilen
Jakoba Errekondok "Landareak lantzen 2020" aurkeztu zuen Antton Olariagarekin eta "2020ko ilargiaren egutegia" Pello Zabalarekin. “111 hostoz eta orriz jantzi” argitalpena eskutan aurkeztu zen Errekondo Durangoko Azokara. Azken 25 urteotan, astero Argian landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluren hautaketa bilduma duzue bere argitalpen berria. Hautaketa honetan parte hartu dute eremu anitzetako bere 22 lagun ezagunek. Usurbildarrak diren haietako hiru lagunekin aurkeztuko du liburua ostegunean (abenduak 12) 19:00etan Potxoenean; Idoia Torregarai, Joseba Tapia eta Antton Olariaga izango ditu bidelagun Jakobak. 

Usurbildarren uzta
Agurtzear dugun urte honetan zehar, usurbildarrek argitara eman dituzten sortze lanen bilduma osatzen ari da Sutegi udal liburutegia eta NOAUA! Kultur Elkartea. Abenduaren 18tik urtarrilaren 7ra ikusgai izango duzue Sutegiko erakusleihoan.